Txikipedia:Giltzurrun
Giltzurrunak organo edo gorputz-atal garrantzitsu batzuk dira; bi dira eta sabelaldearen atzeko aldean daude eta gernua jariatzen dute.
Zertarako dira?
Giltzurrunek izaki bizidunen iraitz-aparatuko organoak dira; hau da, gorputzeko hondakinak kanporatzeko eginkizuna dute. Narrastiek, hegaztiek, ugaztunek eta beste animalia batzuek giltzurrunen bidez kanporatzen dituzte hondakin horietako batzuk.
Minutu gutxiz behin, gorputzeko odol guztia pasatzen da giltzurrunetatik. Bertan, odola garbitu egiten da batetik eta, bestetik, gorputzean dagoen gehiegizko ura ere kanpora bidaltzen da; ur hori eta hondakin horiek gernu edo txizaren forman kanporatzen da. Txiza hori ureter izeneko hodi fin batzuetatik iristen da giltzurrunetatik maskurira; maskuria poltsa moduko bat da, txiza edo gernua pilatzen duena, eta hari esker ez dugu denbora guztian komunera joan behar.
Giltzurrunek ondo funtzionatzen ez dutenean, toxina izeneko substantzia kaltegarriak pilatzen dira gorputzean eta, horren ondorioz, gorputza gaixotu egingo da. Batzuetan, odolak garraiatutako hondakinak, gatzak bereziki, giltzurrunetan geratzen dira eta harri moduko batzuk sortzen dituzte; giltzurruneko kalkulu edo harriak dira. Botika batzuk erabiltzen dira harri horiek disolbatzeko, baina, beste batzuetan, ebakuntzak egin behar izaten dira. Gaur egun, posible da giltzurrunak transplantatzea; hau da, pertsona baten giltzurrun osasuntsua beste pertsona batek hondatuta duen giltzurrunaren lekuan ipintzea; izan ere, giltzurrun bi ditugun arren, posible da bakarrarekin bizitzea.
Nolakoak dira?
Gizakion giltzurrunak marroi-gorrixkak dira eta babarrun forma dute. Bizkarraldean daude, beheko zatian, bizkarrezurraren alboetan, eta 10 eta 12 cm bitarteko tamaina dute.
Giltzurrunek halako sargune edo kurba moduko bat dute erdian, “hilo” izenekoa. Hilo hori zainak edo odol-hodiak giltzurrunetara sartzen eta bertatik irteten diren lekua da. Bertan, gainera, inbutu forma duen zati bat dago, giltzurrun-pelbis izenekoa; gernu edo txiza jasotzen duen barrunbe bat da. Bertatik, ureter deritzen den hodi bat jaisten da maskuriraino, txiza bertara bideratzeko.
Odola giltzurrunetara sartzen denean, oso finak diren zainen bidez zabaltzen da; zain fin horiek hodi kapilarrak deitzen dira (ilea bezain finak esan nahi du hitz horrek). Hodi kapilar horiek hodi nimiño batzuetara bideratzen dute: txiza ekoizten duten nefroiak dira. Giltzurrun bakoitzak milioi bat nefroi ditu gutxienez.