Txikipedia:Germaniako Erromatar Inperio Santua

Germaniako Erromatar Inperio Santuak Europako zati handi bat gobernatu zuen IX. mendetik XIX. mendera. Inperioaren agindupean zeuden gaur egungo Alemania, Austria, Txekiar Errepublika, Suitza, Herbehereak, Belgika, Luxenburgo, Frantziako ekialdea eta Italiako iparraldeko eta erdialdeko zati batzuk.

👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
40.000.000
🔎
Azalera
🏙️
Hiriburua
Viena
📷
Argazkiak
ikusi
🗺️

Germaniako Erromatar Inperio Santuaren bilakaera.

Azken mendeetan ia botere guztia galdu zuen, baina, hala ere, 1806 arte iraun zuen, 1.000 urte baino gehiago.

Nola sortu zen?

Erromatar Inperioaren mendebaldeko zatia 476an amaitu zen. Ekialdean, aldiz, Bizantziar Inperioa bihurtuta jarraitu zuen. Konstantinoplatik gobernatu zuten, gaur egungo Istanbuletik (Turkia).

Mendebaldeko inperioarenak izandako lurraldeetan hainbat erresuma txiki sortu ziren. Horietako bat frankoen erresuma izan zen; gaur egungo Frantziaren izena horiengatik da. Karlomagno deituriko agintari franko batek ondoko lurrak konkistatu eta oso boteretsua egin zen. 800ean, Aita santu Leon III.ak, Erromatar Eliza Katolikoaren buruak, Karlomagno inperio berriko enperadore koroatu zuen.

Aita santuak Elizarekin lotura estuak zituen inperio berri indartsu bat nahi zuen. Hala ere, Karlomagno hil eta gutxira, inperioa lur jota geratu zen. Mendebaldeko zatia Frantzia bihurtu zen eta ekialdeko zatiak inperioa izaten jarraitu zuen.

Enperadore titulua ez zen automatikoki aitarengandik semearengana pasatzen. Alemanian, tokian tokiko agintariek errege alemaniar bat aukeratzen zuten. Aita santua hautaketarekin ados baldin bazegoen, erregea enperadore izendatzen zuen.

X. mende erdialdean, saxoiak izeneko herri germaniko batek gobernatu zuen inperioa. Oton III.a enperadore saxoiak, 983 eta 1002 bitartean gobernatu zuenak, Erroma izendatu zuen inperioko hiriburu. Geroago, luzaroan borrokatu ziren aita santu eta enperadoreak erabakitzeko ea nork izango zuen buruzagi erlijiosoak aukeratzeko eskubidea.

XII. mendean, Hohenstaufen etxeko enperadoreek lortu zuten Germaniako Erromatar Inperioko boterea 1138an. Hohenstaufen etxeko enperadore batek, Frederiko I.a Bizargorriak, “santu” hitza gehitu zion inperioaren izenari, Aita santua bezain errespetatua izan nahi baitzuen. Frederiko I.a 1190ean hil zenean, ordea, denbora gutxian, inperioak aurretik izandako garrantzia nolabait galdu zuen.

XIII. mendearen bukaeran, 1273an, Habsburgotarren familiak hartu zuen gaur egun Alemaniakoak diren lurren kontrola. Laster, Austrian zentratu zuten haien boterea. Habsburgotar erregeek askotan hartzen zuten enperadore titulua, nahiz eta Aita santuak ez koroatu. 1452az geroztik, Habsburgotarrek ia etengabe gobernatu zuten Germaniako Erromatar Inperio Santua.

Inperioaren amaiera

XVI. mendean, pertsona batzuk erromatar eliza katolikotik aldendu eta eliza protestanteak eratu zituzten. Horrek inperioa are gehiago ahuldu zuen. Protestante izatera igaro ziren alemaniar buruzagiak enperadore katoliko erromatarren aurka agertu ziren.

Hurrengo mendean, 1650 eta gero, gutxi gorabehera, inperioa alemaniar estatuen multzo bat besterik ez zen. Azkenik, 1806an, Frantzisko II.a enperadoreak Erromatar Inperio Santua bukatutzat eman zuen. Hala ere, Frantzisko II.ak Austriako enperadore gisa gobernatzen jarraitu zuen.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.