Txikipedia:Garapen iraunkor

Iraunkortasuna baliabideak etorkizunean erabilgarri izateko moduan erabiltzeari deritzo. Forma ezberdin asko har ditzake, baina guztiak datoz bat oinarrizko ideietan. Haietako bat gizakion biziraupena ingurune naturalaren menpe dagoela da. Beste bat, jendeak beren ekintzek mundu naturalean duten eraginaz jabetuz jokatu behar dutela. Hirugarrena, berriz, gaur egungo beharrak ezin direla ase etorkizuneko belaunaldien beharrak kontuan izan gabe.

Ikasi Otsorekin Garapen iraunkorrari buruz.

Iraunkortasunak ekologismoa du oinarri. Hala ere, argi dago eremu askotan eragina duen gai zabala dela. Nekazaritza, hiri-plangintza, ingeniaritza, eraikuntza eta energia-ekoizpena dira besteak beste iraunkortasunarekin zerikusia duten alor batzuk.

Zergatik behar dugu?

Munduko biztanleria bat-batean handitzeak premiazko gai bihurtu du iraunkortasuna. 1804ra arte, munduko biztanleria ez zen mila milioira iritsi, baina XX. mendearen amaieran 6 mila milioi izatera iritsi zen, eta 2011an, 7 mila milioira.  Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2100ean munduko biztanleria guztira 11 mila milioi baino gehiago izango dela kalkulatu du. Biztanleriaren hazkundea handiagoa da leku batzuetan eskuragarri dagoen janaria eta baliabide naturalak baino. Horrela, gose eta pobreziaren epe luzeko arazoak handitu dira, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan.

Biztanleria haztearekin batera, baliabideen kontsumoa ere hazi da. XX. mendeko bigarren erditik baliabide gehiago erabili dira aurretiko historia osoan baino. 2011 eta 2060 artean materialen—metalak eta mineralak, erregai fosilak eta biomasa—kontsumo tasa bikoiztuko dela uste da.

Biztanleriaren hazkunde eta kontsumo ereduak kontzientzia handiago bat ekarri du iraunkortasunaren beharraren inguruan. Lurraren Goi Bilera izeneko 1992ko NBEko batzarrean, munduko herrialde gehienek hitzeman zuten baliabide naturalak eta ingurumena babestuko zituen garapen ekonomiko bat jarraituko zutela. Hurrengo urteetan, NBEko 100 estatu kide baino gehiagok jarri zituzten martxan garapen iraunkorrerako estrategiak. 2015ean NBEak 2030 Agenda onartu zuen, garapen iraunkorrerako 17 helburu barne hartzen dituen ekintza-plan berria. Planak garapen iraunkorra lotzen du erlazionatutako lehentasunekin; besteak beste, pobrezia desagerraraztea, giza eskubideak sustatzea eta ingurumena babestea.

Zer egin daiteke garapen iraunkorra izateko?

Irakunkortasuna modu askotan lortzen saia daitezke, hein handiagoan edo txikiagoan, gobernuak, enpresak, eta gizabanakoak. Oro har, iraunkortasun-adibideek kontuan hartzen dute erabaki edo ekintza batek ekonomian, gizartean eta ingurumenean duen eragina.

Amazoniako basoaren galera.

Energiaren ekoizpena izan da ziur aski iraunkortasunari buruzko eztabaidetan gai nabarmenena. Energia ekoizteko erregai fosilak erabiltzea ez da iraunkorra, ikatza, petrolioa eta gas naturala baliabide ez berriztagarriak direlako. Hau da, hornidurak mugatuak dira eta agortu egingo dira noizbait. Gainera, erregai fosilen erretzea berotze globalaren arrazoi nagusia da. Energiaren ekoizpen iraunkorrak baliabide berriztagarriak erabiltzea dakar; ez dira agortzen eta kutsadura gutxi sortzen dute. Energia-iturri berriztagarri edo alternatiboen artean, eguzki-energia, energia eolikoa eta energia hidraulikoa daude.

Iraunkortasunaren beste funtsezko alderdi bat uraren kontserbazioa da. Mundu osoko ehunka milioi pertsonak ez dute edateko segurua den urik kontsumitzeko aukerarik. Denok murriztu dezakegu uraren kontsumoa hornidura-sistema eraginkorragoak ipiniz orain ditugunen ordez; besteak beste, komun konpostagarriak eta jario baxuko dutxa-burua ezarriz. Uraren erabilpena murrizteko diseinatutako etxetresna elektrikoak ere erosi ditzakegu; hala nola garbigailu eta ontzi-garbigailuak.

Uraren kontserbazioa bereziki garrantzitsua da nekazaritzan, zeinetan beste jardueretan baino munduko ur gehiago gastatzen den. Gutxi gorabehera munduko ur gezaren %70 erabiltzen da nekazaritzan. Laborariek ura kontserbatzeko modu bat klimarekin bat datorren laborea landatzea da. Adibidez, eremu lehorretan ur asko behar duten laboreak landatzea saihestu dezakete; besteak beste, kotoia eta artoa. Uraren erabilera murriztu dezakete euri-ura jasoz edo metodo eraginkorragoak erabiliz; hala nola tantakako ureztapena.

Nekazaritza ere erabakigarria da janari iraunkorraren ekoizpenean. Munduko biztanleen hazkundeak nekazariek haien ekoizpena ikaragarri handitzea esan nahi du, mila milioika pertsona gehiago elikatu beharko baitira datozen hamarkadetan. Ikertzaileek diote gaur egungo janariaren ekoizpen metodoak ez direla etorkizuneko beharrak asetzeko nahikoa izango eta gainera, ez direla ingurumenarekiko iraunkorrak.

Haragiaren ekoizpena ez da jendea elikatzeko batere modu eraginkorra. 2010an munduaren erdia ganadua hazteko edo animalia horiek elikatzeko laboreak hazteko erabili zen. Larre eta soro gehiagoren beharrak baso tropikalak moztea ekarri du, berotze globala handituz. Gainera, behi-aziendak metano asko isurtzen du eta berotegi-efektuko gasa da. Ganadua hazi beharrean gizakiaren kontsumorako laboreak ekoitziko balira, janariaren hornidura iraunkorrago bat lortzeaz gain, ingurunearentzat hobea litzakete. Gutako bakoitzak geure zatia egin dezakegu haragi kontsumoa murriztuz dieta begetariano edo begano baten alde (barazki, fruitu, lekale eta fruitu-lehorretan oinarritutakoak).


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.