Txikipedia:Gameto

Gametoak sexu bidezko ugalketan parte hartzen duten zelula sexualak dira. Gameto-mota desberdinak dituzten espezieetan –gizakion kasuan, adibidez–, espezieko kide bakoitzak mota bakarreko zelula sexualak ekoizten ditu:

  • Emeak dira gameto-mota handi bat, obulua, ekoizten dutenak.
  • Arrak dira gameto-mota txikiena, espermatozoidea, ekoizten dutenak.
Espermatozoide bat obulu batean sartzeko zorian.

Bi gameto edo zelula sexual horiek oso desberdinak dira:

Espermatozoideak

Arren ugaltze-zelulak dira. Gameto maskulinoak ere deitzen zaie. Emeen gametoak baino txikiagoak dira, eta hiru atal edo zati dituzte: burua, lepoa eta buztana (edo flageloa). Buztan edo flagelo horri esker mugi daitezke, obuluarekin elkartzeko.

Espermatozoideak nerabezaroan hasten dira ekoizten, arren barrabiletan.

Obuluak

Emeek ugaltze-zelulak dira. Gameto femeninoak ere deitzen zaie. Arren gametoak baino dezente handiagoak dira. Biribilak dira eta ezin dira mugitu. Jaiotzean, emeek heldu gabeko obulu ugari izaten dituzte euren ugaltze-aparatuan.

Obuluak ere nerabezaroan iristen dira heldutasunera. Handik aurrera, ernalduak izan daitezke, izaki bizidun berri bat sortzeko.

Gizakien kasuan, emakumezkoen obulutegiak obulu bat askatzen du 28 egunez behin (hilero, ia). Obulu hori umetokira iristen da Falopioren tronpetatik barrena.

Ernalketa

Harreman sexual baten ondorioz obulu batek eta espermatozoide batek emearen Falopioren tronpetako batean bat egiten dutenean, obulua ernalduta gera daiteke. Ernalketa gertatzeko, gutxienez espermatozoide batek obuluaren barrura sartzea lortu behar du. Hori gertatzen ez bada, obulua emearen baginatik kanpora aterako da odol-jario txiki batekin. Gizakion kasuan, hilekoa edo menstruazioa deitzen diogu horri.

Ernaldutako obuluari zigotoa deitzen zaio. Zigotoak 46 kromosoma ditu, erdia obulutik eta beste erdia espermazoidetik eratorriak. Arraren eta emearen material genetiko hori elkartu behar izaten da izaki berri bat sortzeko.

Zigotoak garatze-prozesu bat izaten du, enbrioi bihurtzen duena; enbrioia umetokian kokatzen da eta, fetu edo umeki bihurtzen da zelulak biderkatuz. Prozesu horri haurdunaldia deitzen diogu. Haren bukaeran, izaki berri bat jaioko da.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.