Txikipedia:Fosil
Fosilak duela milaka urte bizi izandako landareek eta animalia edo gizakien gorputzek utzitako hondakin edo aztarnak dira, harri bihurtuak. Gizakiek eta animaliek egindako zenbait jardueraren aztarnak ere fosilizatuta gera daitezke, oinatz edo oin-arrastoak, adibidez.
Hitza latinezko fossilis hitzetik dator, eta "lurra zulatuz ateratakoa" esan nahi du, normalean horrela lortzen baitira fosilak.
Fosilei esker, zientzialariek aspaldiko izaki bizidun horien ezaugarriei eta bizitzari buruzko gauza asko jakin ditzakete. Arrazoi horrengatik, fosilak oso garrantzitsuak dira gure planetako iraganari buruzko hainbat datu ezagutzeko; paleontologia deitzen da historiaurreko izaki bizidunak eta fosilak aztertzen dituen zientzia.
Nola sortzen dira fosilak?
Fosil gehienak garai batean leku lohitsuetan eta urpean zeuden lursailetan aurkitzen dira. Izaki bizidunen atal gogorretatik (oskol edo hezurretatik) eratu dira. Izaki biziduna hiltzen zenean, lokatzetan edo urpean geratzen zen. Denborarekin, hondarra, lokatza eta beste mineral batzuk metatzen ziren haien gainean, eta, denbora gehiago igarotzen zenean, geruza horiek denak harri bihurtzen ziren. Bertan geratutako izaki bizidunen hondakinak ere mineralizatu egiten ziren eta haiek ere harri bihurtzen ziren. Fosila harri horretan geratutako izaki bizidunaren forma da.
Beste fosil mota batzuk ere badaude, ordea. Izan ere, lokatzetan edo antzeko material bigunetan geratutako arrastoak ere fosil bihur daitezke, prozesu berberarekin. Adibidez, dinosauroen oin-arrastoak ere fosildu dira, batzuetan, baita aspaldiko gizakien oin-arrastoak ere edo hostoak eta bestelako landare-zatiak ere.
Fosilei esker ezagutzen ditugu oso aspaldian desagertutako hainbat izaki bizidun, amoniteak edo dinosauroak, esate baterako. Amoniteak, adibidez, itsas animalia batzuk ziren, duela 300 milioi urte baino gehiago desagertu zirenak; eta dinosauroak duela 65 milioi urte gutxienez desagertu ziren guzti-guztiak.
Nola berreraikitzen dute animalia fosilizatu baten eskeletoa?
Animalia fosilizatu bat aurkitzen denean, fosila daukan harri-puska osoa atera behar da, ahal izanez gero. Gero, igeltsuz estaltzen edo inguratzen da, babesteko; izan ere, fosilak harriak badira ere, oso hauskorrak dira eta erraz honda daitezke. Ondoren, pieza osoa laborategira eramaten da, animalia fosilizatuaren hezurrak edo arrastoak askatu eta garbitzeko. Horretarako, paleontologoek dentistek erabiltzen dituzten fresa izeneko tresnen antzeko aparatu batzuk erabiltzen dituzte. Gero, produktu kimiko babesle batzuekin igurtzitzen dituzte.
Pieza bakoitza garbitu ondoren, zientzialariek materiala sakon aztertzen dute, gorpuzkiak zein espezietakoak izan ziren identifikatzeko eta gorpuzkien zatiak, tamaina eta abar zehazteko. Prozesu hori guztia lan oso nekeza da, eta zientzialariek asteak, hileak edo baita urteak ere behar izaten dituzte bukatzeko, piezaren tamainaren arabera. Lan hori oso garrantzitsua da hondakin fosilak ikertu eta kontserbatzeko.
Batzuetan, hezurrak falta direnean, paleontologoak mota bereko beste eskeleto osagabe batzuekin saia daitezke eskeletoa osatzen, pieza guztiak elkartuz, ahalik eta eskeletorik osoena eraiki arte. Dena dela, museoetan ikusten direnak ez dira benetako fosilak, jatorrizkoen erreprodukzioak baizik; horrela, jatorrizkoak babestu egite dira eta ez dira hondatzen.