Txikipedia:Feminismo

Feminismoa gizartean emakumeen eskubideak bultzatzea bilatzen duen ideia eta mugimendua da. Pentsamendu feministak emakumeak gizarteko maila guztietan (politikan, lan munduan, familian, etab.) duen estatus edo egoera hobetu eta emakume eta gizonen arteko desparekotasunak desagertarazi nahi ditu.

Feminismoa, ordea, ez da bakarrik emakumeen mugimendua, hainbat gizonezko ere baitaude feminismoaren ideien alde. Gainera, emakume guztiak ez dira feministak; askok gizarteak tradizionalki ezarri dizkien rolak onartzen dituzte eta ez dute horretan inolako gauza okerrik edo bidegabekorik ikusten.

Kontuan izan beharra dago emakumeak gizonezkoen azpian edo gizonen mende egon direla historian, ia leku eta garai guztietan, eta oraindik egoera hori ez dela aldatu leku askotan eta gizartearen hainbat eta hainbat esparrutan, baita feminismoari esker emakumeen egoera asko hobetu duten gizarteetan ere. Izan ere, egia da munduko herrialde askotan hobekuntza garrantzitsuak egon direla emakumeen egoeran (boto-eskubidea, abortatzeko eskubidea, dibortzio-eskubidea, etab.), baina, hala ere, herrialde askotan oraindik ere asko falta da emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, baita herrialderik aurreratuenetan ere.

Feminismoaren historia

Feminismoaren ikur bat.

Feminismoa industria-aroaren ondoren sortu zen, baina hitza bera 1874an asmatu zen. Dena den, emakumeek gizartean gizonezkoen maila berean egoteko eskubidea zutela zioen pentsamendua lehenago hasi zen plazaratzen, XVIII. eta XIX. mendeetan; Frantziako iraultzan, adibidez, emakume askok parte hartu zuten eta iraultzaileek aldarrikatzen zuten gizakion berdintasuna gizon eta emakumeen arteko berdintasunera ere hedatu behar zutela aldarrikatu zuten emakume haiek, baina mende oso bat igaro arte ez zen inolako pausorik eman bide horretan.

Geroago, XX. mendean, herrialde demokratikoetako feministak emakumeek ere botoa emateko eskubidea izan behar zutela aldarrikatzen hasi ziren, ordura arte eskubide hori ez zuten eta. Emakume asko gogor borrokatu ziren, protesta eta manifestazioekin; emakume hauek sufragista izenaz ezagutzen dira, emakumeentzako sufragio edo boto-eskubidea erreklamatzen zutelako. Zeelanda Berria izan zen sufragio unibertsala onartu zuen lehen estatua, 1893an. Espainian, 1931an, Espainiako Bigarren Errepublikan, lortu zuten emakumeek boto eskubidea. Geroago, herrialderik aurreratuenetan boto-eskubidea aitortu zitzaienean, feministek gizarteko maila guztietan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko borrokari ekin diote.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.