Txikipedia:Faringe

Faringea gorputzaren atal bat da, jaten eta arnasa hartzen laguntzen diguna. Ahoa esofago edo hestegorriarekin eta sudurra laringearekin komunikatzen duen barrunbe edo igarobidea da.

Faringearen anatomia.

Funtzioak

Faringea digestio-aparatuaren (hestegorriaren bidez) eta arnas aparatuaren sarrera dela esan dezakegu; izan ere, hestegorria digestio-aparatuaren atal bat da, eta laringea, berriz, arnas-aparatuarena.

Digestio-aparatuaren funtzionamenduari begira, faringeak elikadura-boloa garraiatzeko balio du. Aldiz, arnas-aparatuari begira, faringeak airea sudurretik eta ahotik laringera eramaten du.

Ahoa eta sudurra faringearekin lotuta egotea oso onuragarria da gizakiontzat, ahotik edo sudurretik har dezakegulako arnasa. Gainera, normalean elikagaiak jan ezin dituzten pertsonei ere laguntzen die. Medikuek urdaileraino iristen den zunda edo hodi bat jar dezakete, sudurraren bidez pertsonak modu normalean elikatu ezin direnean, adibidez, ebakuntza kirurgiko baten ostean.

Azkenik, faringeak beste hirugarren funtzio bat ere badu, mintzamenarekin lotutakoa: fonazio-aparatuaren parte ere bada, eta soinuaren sorreran eta transmisioan parte hartzen du.

Nolakoa da?

Faringeko atalak.

Faringeak hiru atal nagusi ditu. Lehenengoa sudurraren atzealdeko zatia da; horregatik, nasofaringe edo faringe nasala deitzen da; ondoren, ahoaren atzealdean hasten den orofaringe edo aho-faringeraino iristen da. Azkenik, faringearen beheko aldea hestegorrirantz eta laringerantz irekitzen da; azken atal hau laringofaringea deitzen da.

Hestegorria urdailera doan tutu bat da; trakearen atzean dago. Laringea trakearen gainaldeko egitura bat da. Laringearen goiko aldean epiglotis deitzen den atal bat dago; elikagaiak ahoan sartu eta faringetik jaisten direnean, epiglotisak laringea ixten du; horrela, elikagaiek hestegorritik urdaileraino jaisten jarraitzen dute, trakeatik jaitsi eta biriketaraino heldu beharrean. Izan ere, elikagaiak ez dira trakean sartu behar: airea ez den zerbait trakean sartzen denean, eztul egin behar dugu hori ateratzeko. Hori gertatzen zaigunean, janaria “kontrako eztarritik” joan zaigula esaten dugu.

Bestalde, sudurraren eta ahoaren atzealdean guruin batzuk daude, amigdalak izenekoak. Guruin horiek sudurretik edo ahotik sar daitezkeen partikula arrotzengandik babesten dute gorputza.

Gaixotasunak

Organo hau kanpoko materialekin etengabeko kontaktuan dagoenez gero, askotariko min eta inflamazioak (faringitisak) izaten ditu. Faringitis horiek eragiten dituztenak, besteak beste, zenbait elementu kimiko, aire hotza eta airean dauden hainbat bakterio dira.

Faringea gaixotzen denean, agente kaltegarrien inbasioaren aurrean, amigdalak handitu egiten dira defentsa moduan; gaixotasun horri amigdalitisa deitzen zaio. Norbaitek amigdalitisa askotan izaten duenean, batzuetan ebakuntza egiten zaio amigdalak kentzeko; dena dela, ohitura hori gaur egun ez dago lehen bezain zabalduta eta gutxiagotan kentzen dira amigdalak.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.