Txikipedia:Faraoi

Faraoia Antzinako Egiptoko erregeei Biblian ematen zaien izena da. Lehena Menes edo Narmer izan zen, gure aroa baino 3100 urte lehenago; eta azkena Kleopatra VII.a, gure aroa baino lehenagoko 49 eta 31. urteen artean agindu zuena.

Tutankamon faraoiaren sarkofagoa.

Egiptoarrek uste zuten faraoiak jainko biziak zirela: Horus jainkoaren maila ematen zieten, Osiris jainkoaren semearen maila; hil eta gero, Osiris berri bat bihurtu eta, jainkoak bezala, hilezkor bihurtzen ziren. Beraz, jainkoengan oinarritutako boterea zeukaten. Horregatik, agerraldi publikoetan, bizar faltsu bat eramaten zuten faraoiek, jainkotasunaren eta hilezkortasunaren ikur modura (jainkoak bizar horrekin irudikatzen zituzten, hain zuzen). Herriak jainkotzat hartzen zituen faraoiak, eta adoratu egiten zituen, baita hil ondoren ere; horregatik, hiltzen zirenean, momifikatu, eta beren aberastasun guztiekin lurperatzen zituzten, batzuetan piramideetan, eta beste batzuetan Erregeen Harana delakoan.

Egiptoarrentzat, faraoia herriaren eta jainkoen arteko bitartekaria zen; apaizek, faraoiaren izenean, otoi egiten zieten jainkoei, Egiptora aberastasuna, ordena, justizia eta bakea ekartzeko.

Gainera, faraoiak herrialdeko buruzagi nagusi eta bakarrak izaten ziren; errege absolutuak, alegia. Boterea ez zuten beste inorekin partekatzen. Zeremonia publikoetan, faraoiek beren boterearen ikurrak eramaten zituzten: artzain-makila moduko bat (jarraitu beharreko bidea erakusteko, faraoiak erabakitzen zituelako legeak), eta zartailu itxurako beste makila bat (legea betetzen ez zutenak zigortzeko boterea irudikatzen zuena), bular aurrean gurutzatuta.

Dena dela, faraoiek apaizen eta nobleen laguntza izaten zuten Egipto gobernatzeko, eta, horren truke, lur zabalen jabetza ematen zieten faraoiek. Gobernuaren ardura lehen ministro edo bisir batek izaten zuen, baina egiten zuen guztia faraioari jakinarazi behar zion beti. Eskualde desberdinetako gobernadoreek, bestalde, nekazaritza-lanak kontrolatzeaz, zergak biltzeaz eta mugak defenditzeaz arduratu behar izaten zuten.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.