Txikipedia:Fagot

Fagota Haize-instrumentu bat da, mihi bikoitzeko instrumentuen familiakoa, baxuarentzat eta tenorrarentzat idatzitako musika interpretatzen duena; tiplearentzat konposatutakoa ere jotzen du batzuetan. Fagota, bere gaurko forman, XIX. mendean agertu zen eta paper garrantzitsua jokatzen du orkestran, harmonian, eta ganbera-musikan. Instrumentua ezaguna da duen tinbre bereziagatik. Egungo fagotak bi forma izan ditzake: Buffet sistemakoak daude (frantsesak) eta Heckel izenekoak (alemanak).

Fagot-jotzailea, Degasen margolan batean.

Fagotaren soinua nahiko baxua da. Horregatik, baxuak eta tenorea nabarmentzen dira. Fagotaren gorputza kono-formakoa da, oboearena edo saxofoiarena bezalakoa. Horrek esan nahi du, hodiaren diametroa estua izatetik zabalagoa izatera pasatzen dela. Balbulak ditu tonuaren zuloak ixteko.

Instrumentuak zurezko hodi luze bat du. Fagot bikoitzaren soinua zortzidun bat baxuagoa da ohiko fagotarenarekin alderatuta, horregatik, hodiaren luzera bikoitza izaten da. Mihia zuzenean ezpainen artean hartzen du fagot-joleak eta putz egitean bi mihiak bibrazioan jartzen dira. Bibrazio horrek botatako aireari eragiten dio eta soinu-uhin bat sortzen da. Putz egiteko moduak soinuan eta soinu horren indarrean eragiten du. Zenbat eta luzeagoa izan aire-zutabea, orduan eta baxuagoa izango da tonua.

Hasiberrientzat diren fagotak astigar-zurez eginda egoten dira. Ikasten ari direnentzat modelo merkeagoak ere badaude, eta beste material batzuk izaten dituzte; polipropilenoa (plastikoa) edo ebonita, adibidez. Garai batean metalezko fagotak ere egiten ziren, baina 1889tik ez dira egiten.

Mihien fabrikazioaren artea orain dela ehunka urte sortu zen. Gaurko fagoten mihiak instrumentistek egiten dituzte, baina hasiberriek fabrikatzaile profesionalei erosten dizkiete agotarentzat mihiak edo haien irakasleek egindakoak erabiltzen dituzte.

Instrumentuaren soinu baxuarengatik, garai batean taldeetako edo orkestra sinfonikoetako akonpainamendu izaten ziren. Geroago sortu ziren fagotarentzat bakarrik diren piezak, musika klasizistaren aldian. Fagota haize-instrumentuen orkestretan ere erabiltzen da. Fagotak paper garrantzitsua jokatzen du zenbait musika-pieza ezagunetan, Joseph Maurice Ravelen «Bolero» eta Sergei Prokofieven «Pello eta otsoa» izenekoetan, adibidez.

Entzun fagotaren musika

      Entzun!

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.