Txikipedia:Ezkila
Ezkilak ez-zuzenki kolpaturiko idiofonoak dira. Joare edo zintzarri ere esaten zaie.
Nolakoak dira?
Itxura ezberdinetako metalezko ontziak dira. Hotsa emateko ahoz behera jartzen dira. Barnealdean zintzilikaturik mihi edo pieza luzeska bat izaten dute. Kanpaien modukoak dira.
Nola jotzen dira?
Animaliek zein pertsonek lotuta eramaten dituzte eta ibiltzerakoan edo mugitzerakoan astintzen dituzte. Mihiek metalezko paretetan jotzerakoan hotsa ematen dute.
Zein funtzio dute?
Mota askotako ezkilak daude, bakoitza bere izen eta funtzio bereziarekin. Euskal Herrian, beste leku askotan bezala, ardiek eta bestelako abereek lepotik zintzilikaturik eramaten dituzte. Hotsen bidez abereak zeinenak diren eta non dauden jakiten da. Baina kasu hauez gain, beste funtzio batzuekin ere erabili izan dira.
Ezkilak euskal herri-musikan
Munduko beste toki askotan bezala, Euskal Herriko folklorean ere askotan agertzen dira hotsa eta erritmoa emateko urtean zehar egiten diren festa eta ospakizunetan.
Oso erabiliak dira inauterietako dantza eta desfileetan. Besteak beste, Nafarroako toki askotan Eguberrietan, haurrek zarata handia eginez herrietan zehar buelta egiten dute, Erregeen etorreraren aurretik hauen hurbiltasunaren berri emateko.
Zuberoako Maskaradetako Txerrero pertsonaiarena egiten duen dantzariak ere bere gerrikoan dozena erdi ezkila txiki eramaten ditu eta berdintsu Lapurdiko Inauteriko Kotillun-gorri deitutako pertsonaiek. Ezkilek, dantzariaren saltoen eraginez, hotsa ematen dute dantzaren erritmoan.
Ziur aski famatuenak, Nafarroako Ituren eta Zubieta herrietan inauterietan tresna hauek joaz egiten diren martxak dira. Joareak daramatzaten pertsonei joaldun esaten diete bertan. Joaldunen martxako partehartzaileek, bi lerrotan jarririk, bakoitzak bi ezkila handi daramate gerrian (bizkar aldean) loturik, dunbak edo pulunpak. Iturengoek bizkarrean beste bi ezkila txiki ere eramaten dituzte. Guztiek batera ematen duten urrats bakoitzarekin joareak astintzen dituzte. Urrutitik entzuten da joaldun talde honek ematen duen martxa erritmo iraunkorra.