Txikipedia:Eufrates
Eufrates Asia mendebaldeko ibai nagusietako bat da. Tigris ibaiarekin batera, Asia hego-mendebaldeko ibai-sistema handi bat osatzen du. Bi ibai horien arteko lurra Mesopotamia izenez da ezaguna. Munduko zibilizaziorik zaharrenetako batzuk han ezarri ziren duela milaka urte.
Eufrates ibaia 2.700 kilometro inguru luze da. Turkia ekialdeko mendietan hasten da. Siria eta Iraken iparraldetik hego-ekialderantz egiten du bidea. Eufrates ibaia Tigrisen paraleloan doa, biak Irak hego-ekialdean elkartzen diren arte. Elkartzen direnean, Xatt al-arab ibaia sortzen dute, Persiar golkoan itsasoratzen dena.
Ur gehiena neguko euriteetatik eta mendietako elurteetatik jasotzen du. Eufrates ibaiak zeharkatzen dituen gainerako lurrak lehorrak izaten dira. Udan oso lurralde beroa da. Eufratesi eta Tigrisi esker, inguru horretan bizitzea posible da, klima gogorra izan arren. Ibaietako ura inguruko nekazaritza-lurrak ureztatzeko erabiltzen da. Horietan, nekazariek olibak, tabakoa, aleak, datilak eta beste fruta batzuk landatzen dituzte.