Txikipedia:Etruriar
Etruriar edo etruskoak orain Italia den lurraldean bizi ziren duela 2.500 urte baino gehiago. Haien herrialdeak Etruria zuen izena. Marinel onak ziren eta Italiako mendebaldeko kostaldeko itsasoak menperatzen zituzten.
Etruria italiar penintsularen erdialdean zegoen kokatuta. Mendebaldean Tirreniar itsasoak, iparraldean Arno ibaiak, eta ekialde eta hegoaldean Tiber ibaiak mugatzen zuten.
Marzabotton, Bolonia hiritik gertu, ondo kontserbatutako hiri etrusko bat atera da argitara, K.a. 500. urte inguruan eraikitakoa. Bertan argi ikusten da etruskoak izan zirela Mediterraneo eskualdeko lehenak plano karratu batean oinarritutako hiriak eraikitzen. Plano horretan, kale gehienak ipar-hegoalde norabidean zeuden, ekialde-mendebalde norabidean gurutzatzen zituzten kale gutxi batzuekin. Geroago, erromatarrek plano hori jarraitu zuten kanpamentu militarrak eta hiri berriak egiteko.
Kultura etruriarra
Etruriarren jatorri zehatza ezezaguna da. Batzuek uste dute Asia Txikitik Italiara migratu zutela itsasoan barrena. Beste batzuek uste dute K.a. 1000. urtetik aurrera bizi zirela Italian. Haien bizitzari buruz dakigun gehiena haien harresi, etxe, monumentu eta hilobien hondakinen ikerketatik dator.
Gizarte klaseak
Adituek uste dute antzinako Etrurian hiru gizarte klase zeudela. Gailurrean klase aristokratiko edo noble boteretsua zegoen. Haren azpian klase ertainekoak zeuden: artisauak, merkatariak eta marinelak. Azkenik, esklaboak zeuden klaserik baxuenean. Etruskoek esklabo-sistema berezi bat zuten, antzinako Grezian eta Erroman ez zutena. Esklabo etruskoak aske utzi zituztenean, berehala igo ziren estatus sozialez. Batzuk etxejabeak izateko bezain aberatsak ere baziren.
Gainera, antzinako Grezian eta Erroman ez bezala, emakumeek gizonen estatus bera zuten. Emakume etruskoek askotan bazekiten irakurtzen eta eskolatuak ziren. Garai hartako margolanek eta eskulturek erakusten dute gizonek parte hartzen zuten jarduera sozial guztietan parte hartzen zutela emakumeek ere; hala nola banketeetan, dantzaldietan eta kontzertuetan. Hainbat kirol lehiaketatan ere parte hartzen zuten.
Erlijioa
Etruskoek jainkoek kontrolatutako unibertsoan sinesten zuten. Haientzat, jainkoak naturan zeuden, baita gizakiek egindako objektu guztietan ere. Etruskoek uste zuten jainkoek beren presentzia fenomeno naturalen bidez jakinarazten zutela, tximistaren bidez, esaterako. Etruskoen mitologia greko eta erromatarrenaren ezberdina zen. Hala ere, gurtzen zituzten jainkoak grekoen eta erromatarren jainko garrantzitsuen antzekoak ziren; hala nola Zeus, Hermes eta Atenearen antzekoak.
Idazketa eta artea
Alfabeto etruskoa idazkera grekotik abiatuta garatu zen. K.a. VIII. mendean, Italia osora zabaldu zen. Geroago, alfabeto latindarra etruskoan oinarrituta garatu zen. Erromatar Inperioaren garaian hizkuntza etruskoa hitz egiten ez zen arren, apaizek eta jakintsuek ikasten zuten.
Historia
Historia etruskoaren aipamenak Erromako eta Greziako literaturan eta aurkikuntza arkeologikoetan baino ez daude. Jakina da etruskoek Greziarekin harremana izan zutela lehen aldiz K.a. 775 edo 750. urte inguruan, Etruria hegoaldean Erroma sortu zen aldi berean gutxi gorabehera. K.a. VI. mendean, etruskoak Po ibaiaren haranaren iparralderantz hedatu ziren. Erroma hiria ere mendean hartu zuten.
Zibilizazio etruskoaren gainbehera K.a. VI. mendearen amaieran eta V. mendearen hasieran hasi zen. K.a. 509. urtean, errege etruskoak Erromatik kanporatu zituzten. Haien ontzigintzaren nagusitasuna K.a. 474. urtean amaitu zen, grekoek flota suntsitu zietenean. K.a. III. mendearen erdialdean, etruskoak erromatarren mende geratu ziren. Latinak, erromatarren hizkuntzak, etruskoa ordeztu zuen. K.a. I. mendean, Erromatar Inperioak erabat bereganatu zuen herri etruskoa, eta etruskoen kulturak aparteko zibilizazio bat izateari utzi zion