Txikipedia:Estatu
Estatua herrialde bateko bizitza gobernatzen duten erakundeen multzoa da; politika modernoan, erakunde-multzo horiek antolaketa politiko bat eratzen dute, aginte osoa duena eremu edo lurralde geografiko batean eta bertako biztanleen gainean. Horrek esan nahi du estatu bat burujabe edo independentea dela, eta beste estatuetatik bereizten dituen mugak dituela. Estatu gehienek indar armatuak dituzte beren lurraldea eta mugak defendatzeko. Gainera, estatuek beren legeak erabaki eta erakundeak antolatzeko boterea dute. Horregatik esaten da estatuek burujabetza edo botere subiranoa dutela; hau da, politikari eta legeei buruzko erabakiak har ditzaketela beren lurraldearen barruan.
Hala ere, historia modernoan zehar, hainbat estatuk elkartu eta herrialde bakarra osatzeko erabakia hartu dute. Hori gertatu zen, adibidez, Amerikako Estatu Batuetan. Gaur egun, 50 estatuk osatzen dute herrialde hori. Estatu horiek herrialde bakar batean elkartzea adostu zutenez, bakoitzak bere lurraldearen gaineko burujabetza osoa ez izatea onartu zuten. Horren ondorioz, bertako estatuek agintea dute zenbait eremutan, baina ez dira independenteak, beren burujabetza erakunde politiko komun batekin partekatzen dutelako. Erakunde hori Estatu Batuetako gobernu federala da eta presidente batek zuzentzen du, Estatu Batuetako presidenteak, hain zuzen.
Estatua eta lurraldea
Esan bezala, estatuek lurralde bat dute, ezin da egon lurralderik gabeko estaturik; estatuak botere osoa du lurralde horretan, biztanleen bizitza, politika, ekonomia, kultura eta abar legeen bidez arautzeko. Horri subiranotasuna deitzen zaio. Lurralde horrek muga zehatz batzuk izan behar ditu, normalean beste estatuek onartutakoak (mugei buruzko desadostasunak gerra ugari ekarri ditu historian zehar, eta oraindik ez dira erabat desagertu leku guztietan). Estatuak lurralde horren barruan baino ezin du erabili bere boterea edo haien erabakiak inposatu beste lurralde batzuetan; arau hori errespetatzen ez denean, estatuen arteko liskarrak sor daitezke.
Gaur egun, munduko estatuek beren subiranotasunaren zati bat utzi dute nazioz gaindiko edo nazioarteko erakunde batzuen esku (hala nola Nazio Batuen Erakundea edo, beste maila batean, Europar Batasuna). Eta, beste kasu askotan, beren boterearen zati bat erakunde subestatalen esku uzten dute edo partekatzen dute, autonomia-mailaren bat onartuz haien lurraldearen barruko eremu geografiko batzuei.
Hori gertatzen da, adibidez, Espainiako 17 autonomia erkidegoekin. Ez dira berez estatuak, baina beren burua gobernatzeko eskumen edo botere batzuk dituzte, gobernu zentralaren boteretik kanpo. Autogobernu eskumen edo botere horiek erkidego bakoitzaren autonomia estatutuan jasota daude.
Espainian gobernu autonomiko batzuek beren izen berezia dute. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua Eusko Jaurlaritza da; Kataluniakoa eta Valentziakoa Generalitat deitzen da; Galiziakoa Xunta da, eta Andaluziakoa, berriz, Junta.
Gobernu zentrala gobernu autonomikoen gainetik dago eta autonomia guztietako biztanleei eragiten dieten erabakiak hartzen ditu. Beraz, Espainia estatu burujabe edo independentea da, beste estatu batzuek osatzen ez dutena.
Estatua eta biztanleria
Estatu bateko lurraldean bizi diren pertsona guztiak Estatuaren boterearen eta legeen mende daude eta eskubide eta betebehar berdinak dituzte. Pertsona horiek, ordea, ezaugarri sozial, politiko eta kultural desberdinak dituzte eta kultura edo nazionalitate desberdineko pertsonak bizi izaten dira estatuaren barruan. Hain zuzen ere, estatuek horrexegatik onartzen diete halako autonomia-mailaren bat edo administrazio propioren bat haien lurraldearen barruko eremu geografikoren bati.
Estatua eta boterea
Boterea da estatuaren ezaugarririk garrantzitsuena. Botere horren barruan, oinarrizko banaketa bat egoten da:
- Botere legegilea: Estatuak bere lurraldearen barruko gizarte-harremanak arautzeko legeak egiteko boterea du. Herrialde demokratikoetan, parlamentua da botere legegilea duen erakundea.
- Botere judiziala: Estatuak justiziako sistemaren bitartez ziurtatzen du legeak betetzen direla.
- Botere betearazlea: Estatuak gobernuaren bidez erabakitzen du jarraituko duen politika, eta Administrazioaren bidez ezartzen du.
Botere horiez gain, estatuak beste hainbat funtzio betetzen ditu:
- Bere lurraldearen barruko ordenaz eta kanpo-segurtasunaz arduratzen da. Polizia eta armada ditu horretarako.
- Zerbitzu publikoak eskaintzen ditu (besteak beste hezkuntza eta osasuna, adibidez) eta azpiegiturak administratzen ditu: errepideak, trenbideak, portuak eta aireportuak, etab.
- Zergak biltzen ditu, estatuak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak eta azpiegiturak ordaintzeko.
- Bizitza ekonomikoa, enpresa-jarduerak eta lan-merkatua arautzen ditu.
- Kanpo-politikari buruzko ardura du; hau da, beste estatu batzuekin dituen harremanez arduratzen da.
Zenbat estatu daude?
Gaur egun, ia 200 estatu daude munduan. Askotan estatu eta herrialde hitzak edo kontzeptuak nahasten dira, baina ez dira beti gauza bera. Pertsona asko ez daude ados bi kontzeptuen arteko desberdintasunari buruz. Pertsona askorentzat, herrialde bat eta estatu bat gauza berbera dira. Beste pertsona askorentzat, berriz, estatu bat izatera iritsi ez diren herrialdeak daude, edo bere baitan estatu asko dituzten herrialdeak ere bai.
Estatuetan gobernu mota ugari egon daitezke. Adibidez, errepublika (estatu burua presidentea denean) edo monarkia (estatu burua erregea edo erregina denean). Gaur egun, munduan errepublika gehiago daude, monarkia baino.
Alde batetik, estatu demokratikoak daude, zeinetan herritarrek ordezkari politikoak aukeratu ditzaketen. Bestetik, estatu diktatorialak daude, zeinetan herritarrei ez zaien eskubide hori aitortzen.