Txikipedia:Estatistika
Estatistika matematiken adar bat da. Estatistikak informazioa batu, laburbildu eta zer esan nahi duen azaltzen du. Lan honetatik ateratzen diren zenbakiak ere estatistikak deitzen dira. Eguraldia eta kirol-taldeen errendimendua bezalako gauzak iragartzen lagundu dezakete. Pertsona talde handiei buruzko gauza espezifikoak ere deskribatzen dituzte, batzuetan; adibidez, boto-emaileen iritziak, ikasleek zenbat irakurtzen duten, edo adin ezberdinetako biztanleria zenbaterainokoa den hiri batean.
Ikerketa estatistikoetan, lau oinarrizko kontzeptu erabiltzen dira:
- Populazioa: ikerketa estatistikoan aztertu nahi diren elementu guztien multzoa.
- Banakoa: populazioa osatzen duen elementuetako bakoitza. Banakoen kopuruaren arabera izango da populazioaren tamaina.
- Aldagai estatistikoa: populazio baten barruan aztertu nahi dugun informazio edo ezaugarria.
- Lagina: populazio batetik jasotako elementu multzo bat, ustez populazio osoaren errepresentazio nahiko zehatza eman dezakeena, eta ikerketarako erabiltzen dena, populazio osoa ezin denean erabili.
Ikerketa estatistiko baten adibidea
Adibidez, ikerketa batean jakin nahi dugu herri batean zenbat jendek daki igeri egiten (aldagai estatistikoa da: badaki edo ez daki igerian). Herri horretako biztanle guztien multzoa, beraz, ikerketa estatiskoaren populazioa izango dira orduan. Biztanle bakoitza, aldiz, banakoa. Eta lagina, azkenik, herri horretako biztanleen multzo bat; multzo hori 100 bat lagun izan daitezke, adibidez, herrian 5.000 lagun bizi direnean, esaterako. Kalean topatutako 100 pertsonari galdetzen zaie ea igerian badakiten, eta haien artetik 80k erantzun dute baietz eta 20k ezetz. Horren arabera, esan daiteke probabilitate handia dagoela herri horretan biztanleen % 80k igerian bai jakiteko.
Nola batzen dira datuak?
Estatistikak egiten dituzten pertsonek, funtsean, hiru modutan batzen dituzte datuak (informazioa): iturri fidagarriak erabiltzen dituzte, egunkariak edo erakunde fidagarrien txostenak adibidez; esperimentu zientifikoak egiten dituzte; eta inkestak egiten dituzte (galderak egiten dizkiete pertsonei).
Batzuetan, estatistikariek ezin dituzte populazio bateko elementu bakoitzari buruzko datuak batu, populazio edo talde hori handiegia delako, gehienetan. Kasu hauetan, taldearen zati bat bakarrik aztertzen dute, lagina delakoa. Lagin batek zehaztasunez irudikatu behar du populazio orokorra. Adibidez, emakumeek gizartearen % 60a hartzen badute, orduan laginaren % 60ak emakumez osatuta egon behar du.
Ikerketa estatistiko bat egiteko, honako urratsak egin behar dira:
- Galdeketa bidez egingo bada, galderak eta erantzun posibleak pentsatu.
- Datuak bildu: galdeketa egin eta erantzunak jaso.
- Erantzunak antolatu, sailkatu eta zenbatu.
- Emaitzekin taulak egin.
- Grafikoak osatu.
Nola adierazten dira datuak?
Behin estatistikariek informazioa batuta, laburbildu egiten dute. Askotan, datuak grafiko edo tauletan ipintzen dituzte; horrela, datuak irakurtzeko errazagoak dira, zerrenda luzeak baino. Adibide bat da artikulu honek duen Aritz Aduriz jokalariari buruzko grafikoa.
Batez bestekoak
Estatistikariek datuak laburbildu ez ezik, batez bestekoak edo mediak deritzen zenbakiak kalkulatzen dituzte.
Batez bestekoa zenbaki multzo baten batura da multzoaren elementu kopuruarekin zatituta. Esate baterako, 10 pertsonak 800 kilogramo pisatzen badituzte guztira, orduan haien batez besteko pisua 800 kilogramo zati 10ekoa izango da: hau da, 80 kilo.
Zertarako erabiltzen da estatistika?
Datuak laburbildu eta gero, pertsonek interpretatu egiten dituzte, hau da, esan nahi dutena argitzen dute. Egunkarietako artikuluek, liburuek eta diskurtso politikoek estatistikak ematen dituzte askotan. Jendeak bere iritziak oinarritzeko edo bermatzeko erabiltzen ditu datu estatistikoak.
Estatistikak koadro grafikoetan eta zenbakietan irudikatzen direnez, jendeak errazago sinetsi ohi ditu, itxura "zientifikoagoa" izaten dutelako. Baina jendeak egia itxuragabetzeko ere erabil ditzake estatistikak. Horregatik, oso garrantzitsua da jakitea ea estatistikariek kontuz batu dituzten datuak eta ea zehaztasunez laburbildu dituzten.