Txikipedia:Esku
Eskua gizakion, tximinoen eta beste animalia batzuen besoaren amaierako zatia da. Ukitzeko eta gauzak hartzeko erabiltzen da, eta bost hatz ditu. Eskuetako hezur eta muskuluei esker, hatz horiek modu askotara mugi daitezke.
Hatz bakoitzari izen bat ematen diogu:
- Hatz lodi edo erpurua
- Hatz erakuslea
- Hatz luzea
- Hatz nagia
- Hatz txikia
Giza eskuaren anatomia
Gizakion eskuak 27 hezur ditu. Hatz lodiak bi hezur ditu, eta beste hatzek hiru. Eskuak ahurra edo esku-ahurra deitzen den zati bat du: eskuaren barrualdea da, gauei eusteko erabiltzen duguna. Esku-ahurrak bost hezur ditu. Azkenik, eskumuturrean, hau da, eskua besaurrera lotzen duen giltzadura edo artikulazioan, berriz, zortzi hezur ditugu. Badaude beste hezur txiki batzuk ere hatzamarren beheko aldean ere.
Hatz lodia esku-ahurraren albo batetik irteten da; beste lau hatzak, aldiz, esku-ahurraren aurrealdetik. Hatz guztiek azazkal bana dute. Hatz bakoitzak alde mamitsuan halako marra sorta batzuk ditu, beti forma desberdinekoak; hatz-markak deitzen ditugunak dira. Hainbat muskuluk kontrolatzen dituzte hatzen mugimenduak. Guztiak tolestu daitezke barrualderantz; hatz lodia, bestalde, beste lau hatzen kontrako zentzuan mugi daiteke. Horregatik, "hatz oposagarria" deitzen zaio, eta egiazko eskuaren ezaugarririk garrantzitsuena da. Ezaugarri horri esker har ditzakegu gauzak indar handiz.
Hatz puntetan, nerbio-amaiera ugari ditugu, zerbait ukitzen dugunean ondo sentitzen uzten dutenak.
Eskuen funtzioak
Eskuekin gauza pila egin ditzakegu: bultzatu, tira egin, haztatu, gauzak hartu, gauzak garraiatu, kolpeak eman, keinuak egin... Hatz oposagarriari esker, gauza txikiak hartu edo tresnak eta aparatuak erabil ditzakegu.
Gainera, oso garrantzitsuak dira ukimenaren zentzurako; izan ere, oso sentiberak dira gainazal eta tenperatura desberdinetara, eta sentsazio asko jasotzen ditugu haien bitartez.