Txikipedia:Errusiako Iraultza
Errusiako Iraultza 1917ko urrian Errusian egondako altxamendu herrikoi bat izan zen. Iraultza horrek gauza asko aldatu zituen herrialdean. Beste iraultza batzuk izan ziren Errusian aurretik, baina hau izan zen garrantzitsuena, eta hortik datorkio izena.
1900 baino lehenagoko urteetan, matxinadak izan ziren Errusiar Inperioan. Baina tsarrak, enperadore errusiarrak, behin eta berriz erreprimitzea edo zanpatzea lortu zituen. 1900. urtearen ondorengo urteetan, hori gero eta zailagoa bihurtu zen. Errusiako Iraultza baino lehenago gertatutako azken iraultza 1905ekoa izan zen.
Lehen Mundu Gerra 1914an hasi zen. Gerra txarra izan zen Errusiarentzat, eta lurralde asko galdu ziteun alemaniarren esku. 1917ko Otsaileko Iraultzak tsarra kanporatu zuen. Urte berean beste iraultza bat izan zen, askoz ezagunagoa. Urriko Iraultza edo Errusiako Iraultza du izena. Iraultza horretan komunistek hartu zuten boterea.
Errusiak une horretan zuen egutegia ez da gaur egun duguna. Errusian egun batzuk atzerago zegoen egutegia gure egutegiarekin alderatuta. Otsaileko Iraultza martxoan lehertu zen, eta Urriko Iraultza, azaroan. Hala ere, antzinako izenak gorde dira.
Zer ekarri zuen 1905eko iraultzak?
1904an eta 1905ean Errusiaren eta Japoniaren arteko gerra bat egon zen. Errusiak porrot handia jasan zuen. Gainera, gerra txarra izan zen ekonomiarentzat, eta, ondorioz, jende asko pobretu egin zen. Manifestazioak izan ziren tsarraren gobernuaren aurka. Tsarrak soldaduekin egin zien aurre manifestazioei.
Tsarrak, ordea, parlamentu edo legebiltzar bat aukeratzea onartu behar izan zuen, jendea jada hain atsekabetuta egon ez zedin. Diputatu gehienei ez zitzaien gustatzen tsarra. Hori dela eta, Legebiltzarrari amaiera eman zion behin baino gehiagotan, eta berriro hautarazi zuen. Legebiltzarrak ezin izan zuen askorik egin.
Zer aldatu zen 1917ko hasierako iraultzarekin?
Lehen Mundu Gerran, Alemaniak eta Austria-Hungariak Errusiako eremu asko konkistatu zituzten. Errusiako soldaduak oso gaizki zeuden, oso janari eta botika gutxi jasotzen zituztelako. Errusiako bi milioi lagun hil ziren gerran. Errusiako hirietan ere gauza asko falta ziren; ogia ere ez zen nahikoa.
Horregatik, errusiar asko kalera atera ziren manifestatzera. Gobernuaren aurkako grebak ere izan ziren: ehunka mila lagunek lan egiteari utzi zioten, haserrea erakusteko. Beste behin, tsarra eta gobernua gogorrak izan ziren, eta soldaduak erabili zituzten herritarren aurka.
Baina oraingoan soldadu talde batzuk jarri ziren manifestarien alde. Kaosa zegoen Errusiako hiriburuan, garai horretan Petrogrado zen. Parlamentuko kide batzuk bildu ziren, tsarrak debekatu arren. Herrialdean lidergoa zutela esan zuten. Aurreko ministroak espetxeratu eta gobernu berria osatu zuten.
Gobernu berria azkar nagusitu ahal izan zen. Sobietarrek ere estimu handia zioten. "Sobiet" hitzak errusieraz "kontseilua" esan nahi du, eta langileek eta soldaduek aukeratutako batzarrak ziren. Hain zuzen ere, hainbat kontseilu sortu ziren Errusia osoan. Hiriburuko sobietek gobernu berriari exijitu zioten, adibidez, manifestariak ez zigortzeko eta jendeari bere iritziak adierazteko baimena emateko.
Zergatik izan zen beste iraultza bat?
Gobernu berriaz gain, sobietarrena geratzen zen oraindik. Bi erakundeak eztabaidan hasi ziren. Errusiak gerra egiten jarraitu ala ez zen eztabaida nagusia.
Gainera, komunistak indartsuago egin ziren, eta estatu kolpea eman zuten komunistek: alegia, haien jarraitzaileek hiriburuko eraikin garrantzitsuenak konkistatu zituzten. Ordutik, gutxienez hiriburuan izan zuten boterea. Horixe da "Urriko Iraultza" deitzen dena, Europako egutegiaren arabera. Gure egutegiaren arabera, azaroaren 6tik 7rako gauean izan zen.
Gobernu komunistak azkenean parlamentu berri bat aukeratu zuen. Parlamentu berrian, kideen laurden bat baino ez ziren komunistak. Horregatik gobernu komunistak berehala indargabetu zuen parlamentua. Komunisten aurkari indartsu asko zegoen oraindik. Komunistak "gorriak" deitzen zituzten bitartean, aurkariak "zuriak" ziren.
Gero, gerra zibila egon zen Errusian: komunistek hiru urte inguru behar izan zituzten Errusia osoa konkistatzeko. 1922an, errusiar inperio zaharraren ordez, Sobietar Batasuna sortu zen.