Txikipedia:Erromatarren aurreko herriak iberiar penintsulan

Erromatarren aurreko herriak Hispaniaren erromanizazioa baino lehenagoko Iberiar Penintsulako lurralde ezberdinetan bizi ziren jatorrizko herriak dira. Iberiar penintsularen kasuan, erromatarren aurreko herririk garrantzitsuenak ondoko hauek izan ziren:

Iberiar Penintsulako herri-taldeak K.a. 300 urte inguruan

Tartessostarrak

Tartessostarrak Penintsulako hego-mendebaldean bizi ziren, Guadalquivir ibaiaren bokalearen inguruan. Oso gutxi dakigu herri horri buruz, oso aztarna gutxi utzi zituelako; greziarrek haiekin salerosketan aritzen zirela esaten zutelako ezagutzen dugu. Horregatik, nahiko ekonomia garatua zutela uste da; izan ere, urrezko altxor oso landuak aurkitu dira.

Zeltak

Penintsulako iparraldean eta ipar-mendebaldean bizi ziren. Egia esan, hainbat herri ziren: galaikoak, asturrak, kantabroak… Haien ekonomia oso gutxi garatua zegoen: batez ere abeltzaintzan, arrantzan eta bilketan aritzen ziren; nekazaritzak eta merkataritzak, aldiz, garrantzi txikia zuten. Ez zuten idazten ezta txanponik erabiltzen ere. Bizi ziren herrixkak “kastro” izenaz ezagutzen dira, eta horien aztarna interesgarriak daude.

Iberiarrak

Penintsulako ekialdea eta hegoaldea hartzen zuten. Iberiarrak ere talde edo herri ezberdinetan banatuta zeuden. Kolonizatzaile greziar eta feniziarrekin harremanetan egon ziren, eta horri esker, kultura eta ekonomia garatuagoa zuten. Haien ekonomia nekazaritzan (zerealak, mahatsondoak eta olibondoak) eta abeltzaintzan oinarritzen zen. Idazten zuten, baina haien idazkera ezin izan da deszifratu. Txanponak ere erabiltzen zituzten, eta nahiko arte garatua zuten, bereziki eskulturan.

Zeltiberoak

Penintsulako erdialdea eta Ebroko harana hartzen zuten, Iberiar sistemaren inguruan. Jatorri zeltako edo kultura zeltaren eragina zuten indigenen hainbat herri ziren. Erromatarrek zelten eta iberiarren arteko nahasketa bat zela uste zuten. Gerlariak ziren eta gogor borrokatu ziren erromatarren aurka. Hauek ere idazten zuten.

Ikus, gainera



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.