Txikipedia:Erromatar Inperioaren sorrera

Erromatar inperioa, egitura politiko modura, Erromatar errepublikaren garaiaren bukaeran Julio Zesarren hilketarengatik piztutako gerra zibilen ondoren sortu zen. Zesar batetik eta Ponpeio eta Senatua bestetik buruz buru jarri zituen gerra zibilaren ondoren, Zesar Erromako agintari gorena izatera iritsi zen eta Dictator perpetuus (Bizi arteko diktadore) izendatua izan zen. Senataririk kontserbatzaileenei ez zitzaien izendapen hori batere gustatu, eta haren aurkako konplot bat antolatu eta Zesar hil zuten Senatuaren egoitzan bertan; horrela, Errepublika berriro ezarriko zutela usten zuten, baina denbora gutxirako izan zen horrela. Izan ere, Zesarren semetzakoak, Oktaviok, Zesarren hiltzaileak guda-zelaian garaitu zituen, eta geroago Marko Antonio bera ere, Egiptoko Kleopatra erreginarekin aliatu zena.

Erromatar Inperioaren mapa, Augustoren garaian

Garaipena lortu ondoren Oktavio Egiptotik itzuli zenean, eta horrela Egipto Erromako probintzia soil bat bihurturik, inperioaren egitura politikoa nagusituz joan zen, nahiz itxuraz oraindik Errepublikaren sistemarekin jarraitu; izan ere, Oktaviok Errepublikaren printzipioak ezarri zituen berriro, eta, horrela, gobernatzeko boterea Senatuari itzuli zitzaion formalki, baina berak tinko eutsi zion bere botere autokratikoari. Hau da, Erromak Errepublika izaten jarraitzen zuen arren, gobernatzaile bakar batek zuzentzen zuen. Sistema horri Printzipatua deitu zitzaion, Oktavio zelako princeps senatus, hots, lehen senataria edo senatarien burua.

Gure aroa baino lehenagoko 40. urtean, Senatuak Imperator titulua eman zion (berez, "garailea" esan nahi du). Diktadore titulua eskaini ziotenean, berriz, uko egin zion, baina Senatuak onartutako hainbat botere eskuratu zituen. Azkenik, armada ere bere alde zuenez gero, poliki-poliki Erromako Senatua boterea eta garrantzia galduz joan zen.

Gure aroa baino lehenagoko 27. urtean, Senatuak «Augusto» deituraren ohorea eman zion, eta handik aurrera Imperator Caesar Augustus bihurtu zen. Augustok, hil aurretik, Tiberio aukeratu zuen bere ondorengoa eta, beraz, Erromako enperadorea izateko.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.