Txikipedia:Erromatar Inperioaren gainbehera

Erroma 1.000 urtez izan zen Europako eta Mediterraneo inguruko nagusia eta herrialde indartsuena. Baina, gure aroko 200. urte inguruan, nagusitasun horren gainbehera hasi zen. Erromatar Inperioa oso handia zen eta gero eta zailago zen gobernatzea. Azkenik, 476. urtean, Erroma hiria barbaroek konkistatu eta mendebaldeko inperioa deseginda geratu zen.

Erromatar Inperioak izandako inbasioak, latinez azalduta.

Erromatar Inperioaren garairik onena gure aroko 117. urte inguruan izan zen, Trajano enperadorearen agintepean. Garai hartan, Mediterraneo inguruko ia lurralde guztiak inperioaren esku zeuden: hots, iberiar penintsula, gaur egungo Frantzia, Italia, Britainia Handiko hegoaldea, Grezia, Errumania, Turkia, Ekialde Hurbila, Egipto eta Afrikako iparraldea.

Zergatik hasi zen gainbehera hori?

Erromaren beheraldia ez zen halako egun batean hasi; denbora luzean zehar gertatu zen eta arrazoi askorengatik. Ondoko hauek dira arrazoi horietako batzuk:

  • Erromatar politikari eta agintarien ustelkeria
  • Barneko gerrak eta gatazkak
  • Barbaro deitutako herrien erasoak (bisigodo, huno, franko eta bandaloak, batez ere)
  • Erromatar armadaren antolaketa gero eta okerragoa
  • Inperioa gobernatzeko arazo gero eta handiagoak

Inperioaren zatiketa

Gure aroko 285. urtean, Diokleziano izeneko enperadoreak erabaki zuen inperioa handiegia zela agintari nagusi bakar baten esku egoteko. Horregatik, bi zatitan banatu zuen: Mendebaldeko Erromatar Inperioa eta Ekialdeko Erromatar Inperioa.

Ondoren, beste mende batez edo, inperioa berriro batu zen, gero hiru zatitan banatu eta, azkenik, bitan zatikatu zen betiko, K.a. 395 urtean. Hortik aurrera, Mendebaldeko Inperioa Erromaren esku egon zen, eta Ekialdekoa, berriz, Konstantinopla hiriaren esku.

Erromaren gainbehera edo erorketaz hitz egiten denean, Mendebaldeko Inperioari buruz izaten da. Ekialdeko zatiari Bizantziar Inperioa deitzen zaio, eta beste 1.000 urtez iraun zuen.

Zer gertatu zen bukaeran?

Hainbat mende luzez, Erroma hiriak eutsi egin zien haren etsaien eraso guztiei; inork ezin izan zuen konkistatu. Aldiz, 410. urtean, bisigotoak deritzan germaniar tribu batek hiria inbaditu zuen; aberastasun ugariz jabetu ziren, hiritar asko hil edo esklabo hartu eta eraikin asko suntsitu zituzten. Zortziehun urtetan lehen aldiz gertatu zen halakorik Erroma hiriaren historian.

Inbasioen beldurrez, Mendebaldeko Inperioro hiriburua eta enperadorearen egoitza beste hiri batzuetara eraman ziren hainbat aldiz: Mediolanum (gaurko Milan) hirira 4. mendean, eta Ravenna hirira 5. mendearen hasieran, 402. urtean zehazki,

Azkenik, 476. urtean, eskandinaviar jatorriko beste tribu batek, Odoakro izeneko buruzagi baten gidaritzapean, Erroma bere eskumendean hartu zuen. Odoakrok Italiako errege izendatu zuen bere burua, Romulo Augustulo azken enperadorea tronutik kendu eta gero. Historialarien iritziz, gertaera hori izan zer Erromaren erorketa eragin zuena.

Handik aurrera, Erromaren antolaketa politikoa desagertu zenean, aldaketa handiak gertatu ziren Europa osoan. Erromak gobernu indartsu bat, kultura-egitura eta antolaketa bat zeukan; baina aurrerantzean, horrelakorik ez zegoen ezer. Hortik aurrerako garaiari Europako "urte ilunak" deitu izan zaie, bi arrazoirengatik: batetik, Erromako goimailako kultura ia erabat desagertu zelako; eta, bestetik, askoz gauza gutxiago dakizkigulako garai hartaz aurreko garaiez baino; erromatarrek testu idatzi asko utzi zituztelako dakizkigu gauza asko haiei buruz, baina inperioa desagertzean, ia testurik bat ere ez zuen inork idatzi.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.