Txikipedia:Erresuma Batua
Erresuma Batua Europako Estatu bat da. Londres da hiriburua. 243.000 kilometro koadroko azalera du eta 67 milioi biztanle inguru ditu, 2019ko datuen arabera. Europar Batasuneko kide izan zen 1973tik 2020ra arte.
Geografia eta biztanleria
Ozeano Atlantikoan dauden hainbat uhartez osatuta dago; britainiar uharteak dira. Haietako uharterik handiena Britainia Handia da, eta bertan lau herrialde daude:
- Ingalaterra: Lau herrialdetan handiena da eta 54 milioi pertsona bizi dira bertan. Hiriburua Londres da.
- Gales: Britainia Handiko mendebaldean dago. 3 milioi pertsona bizi dira eta hiriburua Cardiff da.
- Eskozia: Britainia Handiko iparraldean dago. 5 milioi pertsona bizi dira bertan eta hiriburua Edinburgh da.
- Ipar Irlanda: Irlanda uhartearen iparraldean dago. Ia 2 milioi pertsona bizi dira bertan eta hiriburua Belfast da.
Inguruko beste irla batzuk Erresuma Batuaren parte dira, baita munduko kolonia batzuk ere. Kolonia horiek hartuz, Erresuma Batuak inperio handia eratu zuen ia kontinente guztietan. Britainiar Inperioa izena zuen eta, 1900. urte inguruan, munduko herrialde handiena eta boteretsuena zen. Hala ere, 1960. urterako, kolonia britainiar gehienek independentzia lortu zuten.
Erresuma Batuko biztanleei britainiar deitzen zaie; gehienak Ingalaterran bizi dira. Ingelesa da Erresuma Batuko hizkuntzarik hedatuena; horrez gain, beste hizkuntza batzuk hitz egiten dira, esate baterako, galesa, Eskoziako gaelikoa edo Irlandako gaelikoa.
Historia apur bat
Antzinatean hainbat herrik okupatu zuten gaur egungo Erresuma Batuaren lurraldea. K.a. 300. urtearen inguruan, zeltak iritsi ziren, eta erromatarrak, aldiz, K.a. I. mendean; Ingalaterra eta Gales Erromatar inperioarenak izan ziren 400. urtera arte. Ondoren, angloak eta saxoiak izeneko herriek irlak inbaditu zituzten Alemaniako iparraldetik eta Ingalaterra osoan finkatu ziren.
Erdi Aroan, 700. eta 800. urteen artean, Europako iparraldeko bikingoek askotan eraso zuten Ingalaterrako kostaldea, baina IX. mendearen amaieran anglo-saxoiek bikingoak garaitu zituzten. X. mendetik aurrera, anglo-saxoiek erreinu ingeles eta bateratua ezarri zuten.
Ingalaterrako erresuma ehunka urtez zabaldu zen konkistei esker. Ingalaterrak Irlandako zati handi bat konkistatu zuen XII. mendearen amaieran. Ondoren, XIII. mendearen amaieran, Ingalaterrako erregeak Gales bereganatu zuen. Bestalde, 1603an Eskozia eta Ingalaterra batu egin ziren, baina eskoziarrak independentziari eusteko borrokatu ziren luzaroan. Ingalaterra, Eskozia eta Galesen batasunari Britainia Handiko erresuma izena ezarri zitzaion. Hortik aurrera, erreinuko biztanle guztiei britainiar deitzen zitzaien.
Bitartean, Ingalaterra munduko beste leku batzuetan koloniak ezartzen hasi zen; zehazki, Ipar Amerikan, Asian, Afrikan eta Ozeanian. Kolonien multzo horrek Inperio Britainiarra osatzen du. Erresuma Batua munduko herrialde aberatsenetako eta boteretsuenetako bat bihurtu zen. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, Britainiar Inperioak munduko biztanleriaren laurden bat baino gehiago gobernatu zuen.
1921ean Irlandak Erresuma Batuarekiko independentzia lortu zuen, uhartearen iparraldeko zati txiki batek izan ezik. Bigarren Mundu Gerraren ostean, britainiar kolonia askok ere independentzia lortu zuten.
Garai berriagoetan, Gales, Eskozia eta Ipar Irlandako herritarrek autogobernu handiagoa aldarrikatzen jarraitu dute. Horregatik, 1990eko hamarkadan, Erresuma Batuak nolabaiteko gobernu-ahalmena aitortu zien Gales, Eskozia eta Ipar Irlandako parlamentu berriei. Hala ere, Britainia Handiko Parlamentuak, Londresen dagoenak, Erresuma Batua osatzen duten herrialdeak gobernatzen jarraitzen du.