Txikipedia:Eroale elektriko

Eroale elektrikoak elektrizitatea eroaten edo garraiatzen duten materialak dira. Hau da, elektrizitatea arazorik gabe igarotzen uzten dute. Horrek esan nahi du material horien elektroiak aske mugitu daitezkeela, eta zirkuitu elektrikoak sortzeko erabili daitezkeela. Beste material batzuek korronte elektrikoa igarotzen eragozten diote, eta horregatik isolatzaileak deitzen dira. Zura edo plastikoa material isolatzaileak dira, adibidez (horregatik kable elektrikoak plastikoz estalita daude, bestela ezingo genituzkeelako ukitu).

Kobrezko kableak. Kobrea eroale elektriko oso ona da.

Bai eroaleek bai isolatzaileek erabilera garrantzitsuak dituzte gure eguneroko bizitzan. Eroale elektriko on gehienak bero-eroale onak ere badira. Oro har, eroale elektriko hoberenak metalak dira. Metal eroaleena zilarra da, baina zoritxarrez, urriegia eta garestiegia da tresna elektriko gehienetan erabiltzeko. Gaur egun, eroale elektriko erabiliena kobrea da. Kobrea mundu osoko kableetan eta zirkuitu elektrikoetan erabiltzen da. Burdina, altzairua eta aluminioa ere eroale elektrikoak dira.

Gailu elektrikoek pieza metalikoak erabiltzen dituzte elektrizitatea eroateko, hala nola kable elektrikoen barruan dagoen kobrea, entxufeen hortz metalikoak edota bonbillen harizpi metalikoak. Gailu elektriko eta elektronikoen kableak kobrezko hari ugariz osatuta daude. Potentzia elektrikoaren arabera, hari horien lodiera handitzen da, gehiegi berotzeko eta ez erretzeko.

Zirkuitu elektriko sinple batean, kobrezko kablea erabiltzen da elektrizitatea energia-iturri batetik (bateria bat, adibidez) osagai elektriko batera (lanpara, motore edo txirrin batera, adibidez) eramateko.

Karbonoa eroale elektrikoa da, baina ez da metala. Urak elektrizitatea eroaten du baita ere, horregatik ez dira gailu elektrikoak erabili behar uretik gertu.


Erdieroaleak eta supereroaleak

Material batzuk kasu batzuetan isolatzaileak, eta beste batzuetan eroaleak dira. Material horiek erdieroaleak dira. Erdieroaleak oso garrantzitsuak dira elektronikan (ordenagailuetan eta telefono mugikorretan adibidez), haien eroankortasuna kontrolatu daitekeelako. Hala, korrontea bakarrik norabide batean ibiltzea edo bakarrik egoera jakin batzuetan ibiltzea lor daiteke. Gaur egun elektronikan gehien erabiltzen den erdieroalea silizioa da. Material mota hori sistema eta tresna elektronikoak kontrolatzeko gailu elektronikoen ekoizpenean erabiltzen da.

Beste eroale batzuei supereroale deitzen zaie, ez diotelako erresistentziarik jartzen elektrizitateari. Hau da, eroale perfektuak dira. Orain arte zientzialariek aurkitutako eroale guztiek tenperatura oso hotza behar dute, zero azpiko 234 °C-koa, supereroale bihurtu ahal izateko.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.