Txikipedia:Erliebe (geografia)
Erliebea lurraren gainazalak dituen forma desberdinen multzoa da; lurraren gainazalak forma edo paisaia eta gorabehera asko ditu: batzuetan laua da, baina beste batzuetan gora eta behera egiten du, mendi altuak ditu, edo ibai batek zeharkatzen du, edo aintzira edo laku bat aurkitzen dugu, edota itsasoarekin berarekin topatzen gara.
Horregatik, bi erliebe mota bereizten ditugu:
- Barrualdeko erliebea: lurralde baten barruan gainazalak dituen forma guztien multzoa da.
- Itsasertzeko erliebea: lurrak itsasertzean dituen forma desberdinen multzoa da.
Nolakoa da barrualdeko erliebea?
Hiru erliebe mota desberdin topatzen ditugu lurralde baten barrualdean:
- Mendiak: inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatiak dira, tontor batean bukatzen direnak. Altuera gutxikoak direnean, mendixka edo muino deitzen dira, eta elkarren ondoan lerro batean bezala kokatuta dauden mendien multzoei mendikate edo mendilerro deitzen zaie.
- Haran edo ibarrak: mendien arteko lur-tarte aski luzeak, gehienetan ibai batek zeharkatzen dituena.
- Ordoki edo lautadak: lur-zati lauak edo gorabehera oso gutxikoak. Altuera handian kokatuta daudenean, goi-ordoki deitzen zaie.
Hiru erliebe mota hauek itsaspean ere topa daitezke.
Nolakoa da itsasertzeko erliebea?
Itsasertza itsasoa ukitzen duen lur zerrenda da. Bi erliebe mota topatzen ditugu itsasertzean:
- Itsasertz garaia: itsasertza mendi baten ondoan dagoenean, itsaslabarrak edota itsasoraino jaisten diren lur aldapatsuak topatzen ditugu.
- Itsasertz beherea: itsasertzeko lurra laua denean; askotan, hareaz edo harriz osatutako hondartzak aurkitzen ditugu.
Itsasertzetan forma geografiko ugari topa ditzakegu:
- Lurmuturrak: itsasoan barneratzen diren lur zatiak.
- Golkoak: bi lurmuturren arteko itsas zatiak. Arku baten antzeko forma biribila izaten dute eta zabalera handia izaten dute. Euskal Herrian, adibidez, Bizkaiko Golkoa daukagu.
- Badiak: itsas golko txikiak, ontziak babesteko balio dutenak. Kontxako badia da adibide bat.
- Itsas aintzirak: itsasertzetik lur barrura sortutako ur gaziko aintzirak, sakonera txikikoak eta hareaz, legarrez edo uharriz osatuta daudenak.
- Uharteak: alde guztietatik itsasoko urez inguratuta dagoen lur eremua.
- Uhartediak: hainbat uhartez osatutako multzo edo katea, gehienetan jatorri geologiko bera dutena. Multzo horretako uharteak nahiko hurbil egoten dira batzuk besteetatik. Artxipelago ere esaten zaie.
- Penintsulak: kontinentearekin lotzen duen alde bat izan ezik, gainerako alde guztiak urez inguratuak dituen lur zatia. Euskal Herriaren zati bat, adibidez, Iberiar penintsulan kokatuta dago.
- Itsasarteak: aurrez aurre dauden bi kostalde hurbilen arteko itsaso zati estua.
Nola irudikatzen da erliebea?
Erliebea mapa fisiko edo topografikoetan irudikatzen da. Mapa fisikoetan, hainbat informazio topa ditzakegu kolore eta hitz edo zenbakien bitartez, legenda deitzen zaion taula batean. Kolore bakoitzak bere esanahia du, eta esanahi hori legendan azalduta egoten da, maparen ertz batean. Mapan erabilitako beste ikur edo sinboloen esanahia ere azalduta egoten da legendan.
Koloreen bitartez, erliebearen altuerak irudikatzen dira; itsasoaren kasuan, aldiz, sakonerak adierazten dira, adibideko mapan ikus dezakegun bezala. Kolore berdeak ordokiak eta lur lauak adierazteko erabiltzen dira, eta marroiak, berriz, altuera handienak adierazteko, mendi-gainak, batez ere. Itsasoko sakoneraren kasuan, beti kolore urdinak erabiltzen dira; eta zenbat eta ilunagoa izan, orduan eta sakonera handiagoa esan nahi du.
Bestetik, mendirik garrantzitsuenak ere agertzen dira mapa fisiko edo topografikoetan, ikurren bidez, normalean triangelu beltz batez; ikurraren ondoan, mendiaren izena eta garaiera edo altuera jartzen dira.
Ibai eta aintzira edo urtegiak ere agertzen dira mapa hauetan; lehendabizikoak, marra urdinen bidez; eta besteak kolore urdin argiz. Ibaien eta aintziren izenak ere agertzen dira haien ondoan.
Ikus, gainera
- Lurreko erliebea
- Europako erliebea
- Europako erliebea
- Espainiako erliebea
- Euskal Herriko erliebea