Txikipedia:Eragile geologiko

Eragile geologikoak lurrazalaren erliebea aldatzen duten indarrak dira. Bi eragile geologiko mota daude:

  • Barneko eragile geologikoek erliebea eratzen dute.
  • Kanpoko eragile geologikoek erliebea moldatzen dute.
Lurraren higadura.

Oro har, esan dezakegu barneko eragile geologikoek lurraren barneko egitura aldatzen dutela. Plaka tektonikoen mugimenduak sortzen dituzte halaber, eta mendikateak, sumendiak eta abar eratzen dituzte. Bestalde, kanpoko eragile geologikoek lurrazala moldatzen dute, poliki-poliki forma emanez eta forma hori etengabe aldatuz.

Barneko eragile geologikoak

Barneko eragile geologikoak Lurraren barnean sortzen diren eta lurrazalaren deformazioa eragiten duten indarrak dira. Barneko eragile geologikoak lurraren barnean dagoen magmaren mugimenduaren ondorioz eratzen dira. Prozesu hauek bi modutan agertzen dira:

  1. Bulkanismoaren bidez: Lurraren barneko magmak arrakala sakon bat aurkitzen duenean lurrazalaren gaineko alderantz igotzen hasten da. Kasu askotan, magma hori lurrazalaren goiko geruzetara heltzen da, pilatzen hasten da eta lurrazala jasotzen hasten da. Horrela sortzen dira sumendiak. Sumendiek, gainera, laba kanporatzen dute krater deituriko zulo batetik eta labak sumendiaren inguruko paisaia aldatzen du.
  2. Lurraren gainazaleko geruzen mugimenduen bidez: Lurraren barneko magmaren mugimendu motelak lurrazalaren leku sakonenean dauden harriak mugitzen ditu, halaber. Mugimendu horiek era berean lurreko atal zurruna osatzen duten litosferako plaken mugimendua eragiten dute. Batzuetan, plaka tektonikoek talka egiten dute batek bestearekin mugimenduaren ondorioz, eta, orduan, lurrikarak gertatzen dira. Mugimendu hauek lurrazalaren egitura aldatu dezakete eta batzuetan kalte eta suntsipen ikaragarriak eragiten dituzte.

Kanpoko eragile geologikoak

Harkaitz hau meteorizazioaren ondorioz erdibitu da.

Kanpoko eragile geologikoak era ezberdinetan Lurrazalaren goiko aldea aldatzen eta moldatzen dutenak dira. Aldaketa hauek oso astiro gertatzen dira, eta, hori dela eta, oharkabekoak dira guretzat, ez gara haietaz konturatzen.

Kanpoko eragile geologiko pasiboak eta aktiboak

Kanpoko eragile geologikoak, bestalde, pasiboak edo aktiboak izan daitezke:

  1. Pasiboak: lurrazaleko zorua eta harriak gutxinaka-gutxinaka desegiten dituzte, haiek lekuz aldatu gabe. Eragile atmosferikoak dira: tenperatura, hezetasuna, oxigenoa eta abar.
  2. Aktiboak: harri bat zatitzeko eta haren zatiak mugitzeko gai diren eragileak dira. Ura, izaki bizidunak eta haizea dira nagusienak:
  • Ura. Era ezberdinetan jarduten du:
    • Euria: lurra higatzen du eta urak eraman ditzakeen zati txikiak ateratzen ditu.
    • Gainazaleko ur kontinentalak: uharrek eta errekek ere lurra higatzen dute eta hura osatzen duten elementuak eramaten dituzte.
    • Lurpeko ura: euri-ura lurraren barnean sartzen denean lurraren barneko harrien higadura eragiten du, leize edo haitzuloak eta hutsuneak sortuz.
    • Izotza: arrakaletako ura izozten denean harriak apurtzen ditu. Gainera, glaziarretan lurraren eta inguruko eremuen higadura eragiten du.
    • Itsasoa: olatuek eta itsaslasterrek kostako higadura eragiten dute.
  • Izaki bizidunak. Normalean landaretzak harriak apurtzen ditu sustraiekin, baina mendietako lurra ere finkatzen du euriak lur hori eramatea ekidinez. Bestalde, animalia batzuek, eta bereziki gizakion jarduerek paisaia moldatzen eta aldatzen dute.
  • Haizea. Haizeak partikula txikiak eraman ohi ditu eta hauek harrien kontra talka egiten dutenean higatu egiten dituzte.

Kanpoko prozesu geologikoak

Kanpoko eragile geologikoek sortzen dituzten prozesurik garrantzitsuenak ondoko hauek dira:

  • Meteorizazioa: prozesu honetan, harkaitzek eta lurrazalak halako aldaketa batzuk jasaten dituzte atmosferako airean dauden gasen eraginez eta tenperatura-aldaketen eraginez. Bi meteorizazio mota daude:
    • Meteorizazio fisikoa: harria zati txikietan zatitzen denean. Klima hotzeko lekuetan gertatu ohi da, basamortuetan eta kostako lekuetan. Harriak tenperatura-aldaketen ondorioz apurtzen dira: beroak harriak dilatatzen ditu eta hotzak uzkurtu egiten ditu. Honen ondorioz, arrakalak irekitzen dira harrietan. Gero, arrakaletan sartzen den ura tenperatura baxuen eraginez izoztu egiten da eta arrakalak gero eta handiagoak bihurtzen dira harria apurtu arte.
    • Meteorizazio kimikoa: harrietako mineralak gas atmosferikoekin eta urarekin kontaktuan egotean hainbat erreakzio kimiko gertatzen dira eta hauek mineralak desegiten dituzte eta harriak higatzen dituzte gutxinaka-gutxinaka.
  • Higadura edo erosioa: prozesu honetan harriak eta lurrazala higatu egiten dira eta formaz aldatzen dira haizearen, uraren (euria, errekak, itsasoa eta glaziarrak) eta izaki bizidunen ondorioz.
    • Higatutako materialen lekualdaketa: erosioa eragiten duten eragile berdinek eta beste eragile batzuek ere higatutako materialak leku baxuagoetara garraiatu ditzakete batzuetan. Adibidez, errekek lur-eremua higatzen dute ibaien goi-ibilguan, eta erdi-  edo behe-ibilgura eramaten dituzte.
  • Sedimentazioa: kanpoko eragile geologikoek higatutako eta lekualdatutako materialak beheko eremuetan metatzen edo pilatzen dira. Sedimentazioak gutxinaka-gutxinaka paisaia itxuraldatzen du. Adibidez, zenbait ibai-ahotan delta bat eratzen dute.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.