Txikipedia:Elefante
Elefantea animalia ugaztun belarjale bat da, animalietan handiena balearekin batera. Identifikatzeko erraza den forma du: belarri oso handi bi, letagin bi, eta tronpa luze bat. Elefanteak taldeka ibiltzen dira, eta oso memoria ona dute beren bizitzan edo beren senideei gertatutako gauzekin. Uste da elefantea dela gizakiaren ondoren animalia adimentsuenetako bat, tximu mota batzuekin, txakurrekin eta izurdearekin batera.
Duela hamarkada batzuk eta batez ere duela ehundaka urte, oso zabalduta zeuden Afrika eta Asia kontinenteetan, baina ehizaren ondorioz, gero eta toki gutxiagotan bizi dira: Indian, inguruko herrialde batzuetan, Afrika hegoaldean eta hego-ekialdean. Letaginak boliz eginda daude, eta horregatik, material oso preziatua izateagatik, ehizatu egiten dituzte, legez kanpo askotan.
Zenbat elefante espezie daude?
Nagusiki, bi dira gaur egun dauden elefante espezieak: Afrikako elefantea eta Asiako elefantea. Baina haien barruan badaude azpiespezie batzuk ere.
Bi espezie horien desberdintasunak honako hauek dira:
- Tamaina: Asiako elefanteak txikiagoak dira; altueran 2 m dituzte eta luzean 6 m, eta 5.000 kiloko pisua izan dezakete gehienez. Afikakoek, berriz, altueran 3,5 m eta luzean 7 m eta 7.000 kiloko pisua izatera irits daitezke. Tamaina horrekin, Afrikako elefanteak lehorreko ugaztunik handienak dira.
- Belarrien forma: Asiakoak belarri txikiagoak eta biribilagoak ditu; Afrikakoak, berriz, handiagoak eta sorbalden gainera eroriak.
- Tronparen forma: Asiako elefantearen tronpak lobulu bat bakarra du muturrean, hatz baten antzeko zerbait, gauza txikiei heltzeko erabiltzen dutena. Afrikakoak, aldiz, bi lobulu ditu, bata goian eta bestea behean.
- Letaginak: Afrikako elefante guztiek dituzte letaginak, arrek eta emeek. Asiakoek, berriz, ez; arrek bakarrik. Letaginik gabeko elefante heldu bat ikusten baduzu, seguru aski Asiako elefante eme bat izango da. Bestetik, Afrikako elefantearen letaginak handiagoak dira.
- Behatzak: Asiakoek bost behatz ditu aurreko hanketan eta lau atzekoetan. Afrikakoak lau edo bost ditu aurreko hanketan eta hiru atzekoetan.
- Isatsa: Asiako elefanteen isatsa luzeagoa izaten da proportzionalki (tamaina desberdinak kontuan izanik).
- Gorpuzkera: Asiako elefanteak bizkar aldean du gorputzeko punturik garaiena. Afrikakoak, berriz, sorbaldetan.