Txikipedia:Ekologismo

Ekologismoa natura eta ingurune naturala zaindu eta babesteko helburua duen mugimendu bat da. Horretarako, ingurumenari kalte egiten dioten giza jarduerak murriztu edo bertan behera uztea proposatzen du. Gainera, mugimendu ekologistak aldaketa batzuk egin behar direla gizarteetan, helburu horiek lortu ahal izateko; horretarako, sistema politiko eta ekonomikoak ere aldatu behar direla defendatzen dute, gizarteek aurrera egin dezaten naturari kalterik egin gabe.

Ekilorea, ekologismoaren sinboloetako bat

Ingurumen hitzak zentzu zabala du, mundu natural osoa hartzen baitu kontuan. Ekologistek airearen, uraren eta lurraren kalitatea babesteko edo hobetzeko eskatzen dute. Ekologistek biosfera babestea ere nahi dute, hau da, animaliak, landareak eta beste izaki bizidunak eta haien ekosistemak babestea.

Dena dela, ekologisten helburuak eta metodoak ez dira beti berdinak izaten. Adibidez, batzuek jendea kontzientziatu nahi izaten dute materialak "murriztu, berrerabili eta birziklatzeko" beharraz, kontsumitzen diren produktuen fabrikazioan, enbalajean eta garraioan erabiltzen diren baliabideak gutxitzeko. Beste batzuek ingurumena babesteko legeak aldarrikatzen dituzte, adibidez ibilgailu motordunei erregaien eta isurien eraginkortasunari buruzko arauak betetzea exijitzeko, erreserba naturalak sortzeko, desagertzeko arriskuan dauden espezieak hiltzea debekatzeko edo enpresek airera eta uretara isurtzen dituzten gai kimikoak erregulatzeko. Ekologista batzuek protesta-ekintzak antolatzen dituzte, ingurumenari kalte egiten dioten enpresen eta gobernuen arreta erakartzeko edo horrelako jarduera kaltegarriak eteteko. Beste batzuk naturarekin harmonia handiagoan biziko diren komunitate alternatiboak eraikitzen saiatzen dira.

   Ba al dakizu   
Ekologismoa eta ekologia ez dira gauza berbera
Ekologia izaki bizien eta ingurumenaren arteko harremanak aztertzen dituen zientzia da. Ekologismoa, berriz, ekologian oinarrituta ingurumena zaindu eta babesteko sortutako mugimendu soziopolitikoa da.

Hala ere, desberdintasun horien gainetik, ekologista gehienak bat datoz lau helburu handitan: ingurumenaren babesa, demokrazia, justizia soziala eta indarkeriarik eza. Hala ere, bada uste duenik ekologismoaren izenean indarkeria justifikatuta dagoela, ingurumena kaltetzen duten enpresen aurka, edo etekinak lortzeko animaliak hiltzen edo gehiegikeriaz erabiltzen dituzten enpresen aurka; adibidez, meatzaritza eta egur enpresen eta larruzko berokien fabrikatzaileen aurka. Jarrera horren kontra daudenek, ordea, pentsatzen dute horrela jokatzen dutenak ez direla ekologistak, "eko-terroristak" baizik.

Oinarrizko bi ikuspegi

Kasu askotan, ekologistek mundu naturala babesteko eskatzen dute gizakien osasuna eta ongizatea zuzenean hobetzeko edo mantentzeko. Hala ere, askok uste dute ingurumena beste kasu batzuetan ere babestu behar dela; hauen ustez, gizakiak ez diren beste izaki bizidunak eta, oro har, ingurune naturala ere kontuan hartu behar direla.

Ekologistak bi ikuspegi horietan banatuta daude: lehendabizikoek ingurumenari buruzko pentsamendu antropozentrikoa dute, hau da, "gizakiarengan zentratua"; besteek pentsamendu biozentrikoa dute, "bizitzan zentratua".

Ikuspegi antropozentrikoa dutenek ingurumen-kalteek gizakioi eragiten dizkiguten ondorio negatiboei begiratzen diete bereziki, osasunerako eta bizi-kalitaterako kalteak barne. Ikuspegi horren arabera, adibidez, ozeanoen kutsadurak edo ozono geruzako zuloak kalte egiten digu gizakioi, ozeanoa erabiltzen baitugu elikagaiak eskuratzeko eta ozono geruza behar baitugu Eguzkiaren erradiazio kaltegarrietatik babesteko.

Aitzitik, biozentrismoaren defendatzaileek diote akatsa dela ingurumena giza helburuetarako ustiatu behar den baliabidetzat hartzea; natura berez baliotsua dela diote. Beraz, ozeanoen kutsadura edo ozono geruzako zuloa gaizki daude berez, baita ozeanoak edo ozono geruzak gizakiei inolako onurarik ekarriko ez baliete ere. Biozentrismoaren aldekoek uste dute ikuspegi antropozentrikoak izan direla ingurumenaren suntsipenaren errudunak.

Oinarrizko bi ikuspegi hauen arteko banaketak funtsezko eragina izan zuen XX. mendearen amaieran ingurumen-pentsamenduaren garapenean.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.