Txikipedia:Ekain (leizea)
Ekain haitzuloa Gipuzkoako Deba udalerrian dagoen leize edo kobazulo bat da, Paleolito garaiko labar-pintura ospetsu batzuk dituena. Ekain izeneko muino baten ekialdeko mazelan dago kokatuta, eta handik hartu du izena.
Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek aurkitu zuten Ekain haitzuloa, 1969ko ekainaren 1ean. Geroagoko batean konturatu ziren irudiak eta labar-pinturak zituela hormetan, haien artean zaldiak, ahuntzak, hartzak eta bisonte bat. Berehala eman zioten aurkikuntza horren berri Jose Migel Barandiaran arkeologo ospetsuari, eta honek, Jesus Altunarekin batera, azterketa arkeologikoak egiten hasi ziren.
Arkeologoen arabera, haitzulo hau duela 42.000 urtetik duela 5.600 urtera bitarte egon zen okupatuta etengabe. Batik bat Homo sapiens giza taldeak izan ziren nagusi, baina arrasto zaharrenaren arabera, neandertalak ere igaro ziren handik.
Gaur egun, benetako leizeak ez daude bisitarientzat zabalik, baina Zestoan koben erreplika bat egin da, Ekainberri izenekoa, kobazuloaren eta pinturen kopiak ikusi ahal izateko.
Ekain UNESCOren Munduko Ondareen Zerrendan sartu zuten 2008an, SantimamiƱe eta Altxerrirekin batera.
Ikusi irudiak
- Ekainberriko erreplika
- Zaldien marrazkiak Ekainberrin
- Ekainberriko zaldia