Txikipedia:Ehun biologikoa
Ehun biologikoak interkonektatuta dauden zelula-multzo batzuk dira, organismo baten antzeko funtzioa dutenak. Ehunak aztertzen dituen zientziaren adarrari histologia deitzen zaio, eta gaixotuta dauden ehunak aztertzen dituenari, aldiz, histopatologia.
Giza gorputzaren organo, egitura eta osagai guzti-guztiak osatuta daude hainbat motatako ehunez; oinarrizko lau ehun mota daude:
- Epitelio-ehuna: organoak estaltzen dituzten ehunak dira; zelula geruza bat edo gehiagoz osatuta daude. Mota honetakoak dira gure larruazala edo hesteen barne estaldura. Ehun hauek babesteko, jariatzeko eta xurgatzeko funtzioa dute.
- Ehun konektiboa: ehun hauek organismoko sistemei batera eusten dieten ehunak dira. Zientzialari batzuek odola ehun konektibotzat jotzen dute.
- Gihar-ehuna: giharrak osatzen dituen ehunak dira; uzkurkorrak dira, hau da, zelularen tamaina laburtu eta luzatzeko gaitasuna dute.
- Nerbio-ehuna: burmuina, bizkarrezur-muina eta nerbio periferikoak osatzen dituzten zelulak dira.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.