Txikipedia:Edari alkoholdun
Alkohola azukre asko duten landareetatik lortzen den droga moduko bat da, adikzioa sortzen baitu; edari alkoholdunak dira ardoa, sagardoa, garagardoa, likoreak, etab. Edari alkoholdun kantitate handia hartzen badugu denbora gutxian, intoxikazio etilikoa izan dezakegu, hori gertatzen da mozkortuz gero. Alkoholak ondorio txarrak izaten du osasunean, adikzioak heriotza ere eragin dezake; gainera, trafiko-istripu asko alkoholaren ondorio izaten dira. Gehiegitan, adikzioa sor dezake, eta hori alkoholismoa deritzon arazoaren iturria da.
Hala ere, alkohola munduan gehien kontsumitzen den droga da. Nerabeen artean ere handitzen ari da haren kontsumoa, gizartean ontzat ikusita baitago edatea. Gure herrian alkohol-kontsumo handia dago, Europar Batasuneko herrialdeen artean lehenengotakoa; 80ko hamarkadatik aurrera alkoholaren kontsumoa jaitsi den arren, Europako lehen postuetan gaude kontsumoari dagokionez.
Nola eragiten dio gorputzari?
Alkoholak hainbat ondorio fisiologiko ditu organismoan, eta ondorio horiek bereziki larriak izaten dira gazteen kasuan edo hazten ari diren pertsonengan, baita kantitate txikitan ere. Alkohola urdailera iristen da eta gero heste meharrera. Han, xurgatu eta odolera igarotzen da, eta odolarekin batera gorputz osora zabaltzen da. Urdailean eta gibelean kalte handiak eragiten ditu denborarekin; baina, edaten den bakoitzean, Nerbio-sistema zentralari eragiten dio espezifikoki, eta burmuinari bereziki.
Alkohola depresorea da; horrek esan nahi du nerbio-sistema zentralaren funtzionamendua moteldu egiten duela. Hau da, alkoholak blokeatu egiten ditu burmuinera iristen saiatzen diren mezuak; horrek jendearen pertzepzioak, emozioak, mugimenduak, ikusmena eta entzumena alteratzen ditu.
Kantitate txikitan hartuta, lasaitzen eta antsietate gutxiago sentitzen laguntzen du alkoholak, eta horregatik pertsona batzuek lotsa kentzeko edaten dute, besteak beste. Baina kantitate handia edanez gero, alterazio handiagoak eragiten ditu burmuinean eta intoxikaziora irits daiteke. Alkohol gehiegi kontsumitzen dutenek orekan ibiltzeko gaitasuna galtzen dute denbora batez, koordinazioa galtzen dute eta ondo hitz egiteko arazoak ere izaten dituzte; kasu batzuetan, hiztun eta lagunkoi agertzen dira, baina beste batzuetan haserre eta oldarkor; hau da, bortxakeria ager daiteke alkoholaren eraginez. Bestalde, pertzepzio-arazoak sortzen dira eta erreakzio-denborak izugarri murrizten ditu; horregatik, edan dutenek ez dute ibilgailurik gidatu behar, oso erraz gerta daitekeelako istripua izatea edo eragitea.
Alkoholak eragindako intoxikazioa larria izan daiteke denbora laburrean alkohol asko kontsumitzen denean. Horrelakoetan, gorputza alkohol-kantitate handiagatik intoxikatuta edo "pozoituta" dago. Oro har, intoxikazio larriaren lehen sintoma gorakoak dira; gainera, intoxikazioak logura handia eragin dezake, zorabioak, arnasa hartzeko zailtasuna, odoleko azukre-maila oso txikia eta baita heriotza ere.
Mendekotasuna
Pertsona batzuk kontsumo kontrolatutik kontrolatu gabeko gehiegizko kontsumora pasatzen dira (“abusoa” edo “erabilera problematikoa”). Gehiegi kontsumitzen duen pertsona hiru etapatan irits daiteke mendekotasun alkoholikora:
1. fasea: ez da kalterik ageri. Senitartean, lanean eta gizartean egiten diren jarduerak mantentzen dira. Adimen eta gorputz osasuna ez da gehiegi aldatzen.
2. fasea: harremanak izateko zailtasunak agertzen dira, baita arazo sozial, profesional eta judizialak ere. Adimenean eta gorputzaren osasunean gertatzen diren aldaketak kontsumoa gutxitu edo denboraldi batez uztera eramaten dute pertsona (abstinentzia).
3. fasea: pertsonak ezin du kontsumoa gutxitu edo utzi, nahiz eta kalteak nabarmenak izan. Sintoma ugari agertzen dira: dardarak, anorexia... Kontsumitzailea alkoholaren mendeko bihurtzen da.
Arriskua gutxitzeko aholkuak
Hasteko, ez kontsumitu 4 unitate baino gehiago aldi bakoitzean. Bigarren edalontziaren ondoren gainditzen da trafiko-araudian baimenduta dagoen alkoholemia-tasa; horregatik, ezin dira motordun ibilgailuak gidatu edo bestelako garraiobiderik erabili. Sendagaiekin edo beste droga batzuekin batera hartuz gero, alkohol dosi batek, txikia izan arren, ondorio larriak eta berehalakoak ekarri ahal ditu.
Zenbait kalkuluren arabera, emakumeek ez dute eguneko bi unitate baino gehiago hartu behar. Gizonezkoek ez dute eguneko hiru unitate baino gehiago hartu behar, eta, aholku bezala, ez dira eguneko hiru unitate baino gehiago hartu behar.
Baita ere, badaude momentu edo adin batzuk non alkohola edatea debekatuta dagoen edo komenigarria ez den. Adibidez, haurtzaroan eta nerabezaroan, haurdunaldian, Motordun ibilgailu bat gidatzean edo beste garraio batzuk erabiltzen direnean, sendagaiak hartzen direnean...
Bestalde, epe laburrean alkohol-kantitate handia edateak alkoholemia-tasaren igoera handia eragiten du. Denborak bakarri lagunduko du jaisten. Ordubete behar izaten da, gutxi gorabehera, kontsumitutako unitate bakoitza eliminatzeko...
Beste aholku garrantzitsu batzuk honakoak dira: gidatzeko momentuan pertsona edanda dagoela ikusten badu, atseden hartu, lo egin, jan edo ondo dagoen pertsona batek bakarrik gidatu. Gero ere, jan gabe edaten bada, alkohola zuzenean pasatzen da odolera eta ondorioak nabarmenagoak eta handiagoak dira.