Txikipedia:Ebro
Ebro Iberiar penintsulako ibai bat da, Kantabrian sortu eta Mediterraneo itsasoraino iristen dena. Araba eta Nafarroako hegoaldetik pasatzen da, eta Ebroko sakonunea deitzen den harana zeharkatzen du.
930 km inguruko luzera du, eta Espainiako ibairik luzeena da; dena den, Iberiar penintsula osoa hartuz gero (hau da, Espainia eta Portugal), Tajo ibaia da luzeena.
Euskal Herrian, 207 km betetzen ditu: 100 Araban (Errioxa eta Gaztelarekiko muga) eta 107 Nafarroan. Euskal Herriko mediterranear isurialdeko ibai guztiek Ebron isurtzen dute ura.
Ebro ibaiaren ur-emaria (garraiatzen duen ura, alegia) 483 m³/segundokoa da batez beste, eta, hartara, emaririk handieneko ibaia da Espainian (baina ez Iberiar penintsulan, hori Duero ibaia baita). Dena den, ur kopuru horrek gorabehera handiak izaten ditu, zeharkatzen dituen lurralde batzuetan lehorte handiak egoten direlako. Gainera, haren ura lurrak ureztatzeko eta energia elektrikoa ateratzeko ere erabiltzen da.
Irudiak
- Ebro ibaia Burgosko probintzian
- Ebro ibaia Nafarroan
- Zaragoza hirian
- Ebroren delta