Txikipedia:Dultzaina

Dultzaina aerofonoen familiako mihi bikoitzeko musika-tresna da, oboearen antzekoa.

Nolakoa da?

Dultzaina mihi bikoitzeko kono formako aerofonoa da. Honako osagaiak ditu:

  • Mihi bikoitzeko pita. Kanaberazko bi mihi dira, metalezko tudel bati lotuak. Tudela tutuan sartzen da, mihiak eta tutua lotuz eta hauen hots bibrazioak tutura bideratuz.
  • Tutua. Kono forma irregularra du; zenbat eta beherago, forma konikoagoa du. Gehienetan zurezkoak izaten dira eta ezpela izan da zur erabiliena. Joan den mendearen bukaeran Bizkaian eta Gipuzkoan metalezkoak egiten hasi ziren. Hauek arrakasta handia izan zuten, bereziki Bizkaian; horregatik gaur egun jende askorentzat metalezko dultzaina, Bizkaiko dultzainaren sinonimoa da.
    • Notak emateko zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean eta bat goian atzealdean. Hatz txikiarekin ixten dena, behealdean lehena, erosotasunagatik pixka bat alboratua dago. Dultzaina zahar batzuek zulo hau falta dute eta horregatik nota bat gutxiago ematen dute.
    • Dultzaina guztiek behealdean beste bi zulo dituzte alboetan, biak parean, hots-tutuaren luzera finkatzen dutenak. Hauetatik bukaerara dagoen tutu zatiak bozgorailu funtzioa betetzen du.

Nola jotzen da?

Soinu-tresna honek bi zortzidun oso eman ditzake, baina bere errepertorioan, gehienez zortzidun gehi bostun bateko hedadurako doinuak aurki ditzakegu. Berez, posizio naturalarekin eskala diatonikoa ematen du, baina haize-muturraren presioaren bidez tonu erdiko aldaketak lor daitezke.

Ze beste musika tresnarekin entzun dezakegu?

Gehienetan danborraren laguntzaz jo izan bada ere, panderoarekin ere agertu izan zaigu. Trikitixa gurera etorri zenetik, honen laguntzarekin ere osatu du taldea.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.