Txikipedia:Dublin
Dublin Europako iparraldeko hiri bat da, bai eta Irlanda izeneko herrialdeko hiriburua eta baita hiririk handiena ere. Irlanderaz Baile Átha Cliath izena du. Hiriak berak 550.000 biztanle inguru ditu, 2016ko datuen arabera, baina inguruko metropoli-eremuan (hiriaren mugetatik kanpo baina ia hiriari itsatsita dauden udalerriak kontatuz), 1,9 milioi biztanle bizi dira. Haietako gehienak irlandarrak dira, baina %15 inguru kanpoan jaiotakoak dira. Izan ere, Europako beste hiri handi askok bezala, Dublinek biztanleria multikulturala du, jatorri askotakoa; asko Erresuma Batukoak dira, baina baita Polonia eta Lituaniakoak ere, edota Europatik kanpokoak: Nigeria, India eta Txinakoak, batez ere.
Irlandako ekialdeko kostaldean dago eta Irlandako erakunde politiko nagusiak (gobernua eta legebiltzarra) bertan daude, bai eta herrialdeko enpresarik, industriarik eta unibertsitaterik garrantzitsuenak ere.
Historia
Duela 1.200 urte inguru sortu zuten bikingoek, eta Erdi Arotik izan da Irlandako hiriburua. Baina XII. mendetik XX. mendera arte, Irlanda osoa Britainiar Inperioaren mende egon zen; bitarte horretan, Dublin asko handitu eta aberastu zen eta Britainiar Inperioko bigarren hiria izatera iritsi zen denbora batez, Londresen ondoren; Europako osoko bosgarren hiririk handiena ere izan zen, garai batean.
Aldiz, XX. mendearen hasieran, irlandarrak britainiarren aurka matxinatu ziren independentziaren bila eta, 1922an, bere buruaren jabe bihurtu zen. Geroztik, Dublin da errepublikako hiriburua.
Kultura
Dublin oso garrantzitsua da munduko literaturan; izan ere, historiako idazle ospetsu asko dira Dublinen jaiotakoak, besteak beste:
- Jonathan Swift: “Gulliver-en bidaiak” izeneko liburuaren egilea. Euskaraz ere badago liburu hau.
- Bram Stoker: "Drakula" liburuaren egilea.
- Oscar Wilde: "Dorian Grayren erretratua" edo "Cantervilleko mamua" lanen egilea, besteak beste.
- George Bernard Shaw: 1925ean Nobel Saria irabazitakoa.
- James Joyce: "Ulises" edo "Dublindarrak" lanen egilea (biak euskaraz daude).
Leku ikusgarriak
- Dublingo gaztelua: XVIII. mendekoa, britainiarren gobernuaren egoitza.
- Irlandako Museo Nazionala: Irlandako kultura, arkeologia eta historia naturalari buruzko museorik garrantzitsuena.
- San Patrizioren katedrala: Hiriko katedral anglikanoa.
- Trinity College: Irlandako unibertsitaterik zaharrena.
- Dublingo gaztelua.
- Irlandako Museo Nazionala
- San Patrizioren katedrala.
- Trinity College.