Txikipedia:Diru-paper

Diru-papera edo billetea paperean inprimatutako dirua da, gauzak erosteko erabiltzen dena. Herrialde edo lurralde bateko banku zentralak edo legezko beste erakunde batek inprimatzen du, herrialde edo lurralde horretako erabilera legaleko diru moduan, txanponekin batera. Txanponak metalezkoak izaten dira eta diru kopuru txikietarako erabiltzen dira; diru-papera, berriz, kopuru handietarako erabili ohi da, txanponak baino erosoak direlako.

Hainbat herrialdetako diru-papera.

Lehenagoko garaietan, diruak zuen balioa txanponen materialaren araberakoa izaten zen, zilar, urre edo dena delako metalaren araberakoa. Baina soinean balio handiko metal asko eramatea arriskutsua izan zitekeen eta ez oso erosoa, pisu handia izatea gerta zitekeen eta. Horregatik asmatu zen diru-papera; berez, diru-paperak ez dauka balio handirik, bere materiala ez baita baliotsua; baina balio fiduziarioa du: hau da, diru-papera inprimatzen duen banku zentralak erabiltzaileari erabat ziurtatzen dio diru-paper horren truke bertan esaten den diru kopurua emango diola (diru-papera asmatu zenean, urretan edo zilarretan); eta ziurtasun horretan oinarrituta erabiltzen dira salerosketak egiteko.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.