Txikipedia:Dinosauro

Dinosauroak antzina bizi izan ziren animalia talde handia izan zen. Duela 230 eta 65 milioi urte bitartean (Mesozoikoa deitzen den garaian) bizi ziren. Era askotako forma eta tamainak zituzten; haietako batzuk 30 metro luze ziren, gaur egun Lurrean dagoen animaliarik handiena, balea urdina, bezala. Beste batzuk, ordea, txikiak ziren, gaur egungo oilo bat bezala. Batzuk haragijaleak ziren eta beste batzuk landarejaleak. Dinosauro talde txiki batetik gaur egungo hegaztiak sortu ziren.

Tyrannosaurus baten eta Triceratops baten arteko borroka.

Gaur egungo narrastiek (krokodiloek, muskerrek, etab.) ez bezala, dinosauroak ez ziren narrasean ibiltzen. Bi hankakoak eta lau hankakoak zeuden, eta haietako batzuk korrikalari azkarrak ere izan zitezkeen.

   Ba al dakizu   
Dinosauroekin batera bizi izan ziren narrasti guztiak ez dira dinosauro. Adibidez, Pterosauroak hegaz egiteko gaitasuna zuten narrasti handiak ziren. Plesiosauroak, aldiz, igeri egiten zuten narrasti handiak ziren.

Askotan elkarrekin ikusiko dituzu, baina adi!, ez dira gauza bera!

Dinosauroen desagerpenari buruzko ideiarik onartuena meteorito handi batek lurra jo zuela da eta horren ondorioz hil zirela denak, hegaztiak izan ezik. Haien fosilei esker ezagutzen ditugu. Dinosauroen fosilak kontinente guztietan aurkitu dira, Antartika barne. Estatu Batuak, Kanada, Txina, Mongolia eta Argentina dira dinosauroen aztarnategirik aberatsenak dituzten herrialdeak. Dinosauro hitza 1842an asmatu zen eta grekoz "musker beldurgarria" esan nahi du. Gaur egun, mila dinosauro espezie inguru ezagutzen dira, baina horietako asko azken urteetan deskribatu dira. Horregatik, ezagutzen ditugun dinosauroak planeta honetan bizi zirenen parte txiki bat baino ez dira.

Noiz bizi ziren?

Dinosauroak Triasikoaren amaieran sortu ziren, orain dela 233 milioi urte, asko ugaritu ziren Jurasikoan zehar eta Kretazeoaren amaieran desagertu ziren, orain dela 66 milioi urte. Animalia asko izan ziren dinosauroen aurretik, baita beranduago ere. Dinosauroak desagertu zirenean ugaztunak nagusitu ziren Lurrean. Gizakiak ez ziren inoiz dinosauroekin batera bizi izan.

Nolakoa zen Lurra?

Dinosauroak sortu zirenean Pangea izeneko superkontinente bakarra zegoen Lurrean. Pangea bi zatitan banatzen hasi zen, Laurasia iparraldean, Europa, Asia eta Ipar Amerikarekin eta Gondwana hegoaldean, Hego Amerika, Afrika, Australia, India eta Antartikarekin. Dinosauro mota ezberdinak bizi ziren eremu bakoitzean.

Klima gaur egungoa baino beroagoa zen. Ez zegoen belarrik eta, hasiera batean, lorerik ere ez. Landare nagusiak pinuen eta iratzeen antzekoak ziren.

Taldeak

Sauropodoak

Sauropodoek lepo eta buztan luzeak dituzte. Burua txikia da, gorputzarekin alderatuta. Lau hanka handi dituzte, zutabeen modukoak, euren pisu erraldoia mantentzeko gai. Inoiz bizi izan diren animalia lurtarrik handienak sauropodoak ziren.

Talde honetako dinosauro batzuk:
Dicraeosaurus


Ornitopodoak

Ornitopodoak hasieran txikiak ziren eta gutxi zeuden, baina denborarekin tamainan hazi ziren eta geroz eta espezie gehiago zeuden. Kretazeoan ohikoenak ziren. Digestio-aparatu oso aurreratua zuten, gaur egungo behien antzekoa. Ornitopodo hitzak "hegazti hanka" esan nahi du, hiru behatz zituztelako ematen zaien izena. Ez zuten babesik inguruan, baina mokoan batzuetan adarrak zituzten.

Talde honetako dinosauro batzuk:
Camptosaurus


Teropodoak

Teropodoak batez ere haragijaleak ziren, baina baziren ere belarjaleak, orojaleak eta intsektujaleak. Hiru behatz zituzten hanketan eta hiru hatz besoetan. Bi hanken gainean ibiltzen ziren. Jurasikoan eta Kretazeoan haragijale lurtar handi bakarrak izan ziren. Teropodoen talde txiki batetik eboluzionatu zuten gaur egungo hegaztiek.

Talde honetako dinosauro batzuk:
HerrerasaurusStruthiomimusTyrannosaurus


Thyreoforoak

Thyreoforoak "dinosauro armatuak" dira, babesak zituzten dinosauro taldea ziren. Jurasikoan eta Kretazeoan bizi ziren. Euren ezaugarririk garrantzitsuena da gorputzean zehar zituzten adar, plakak edo arantzak ziren. Gehienak belarjaleak ziren, eta burmuin txikia zuten euren gorputzarekin alderatuta. Atzeko hankak aurrekoak baino handiagoak ziren.

Talde honetako dinosauro batzuk:
Stegosaurus


Marginozefaloak

Marginozefaloak lepoaren inguruan edo burezurraren atzealdean hezur lodia zuten dinosauroak izan ziren. Bi talde handi daude: buruan kasko moduko bat zutenak eta adarrak zituztenak. Gehienak belarjalean ziren. Harriak jaten zituzten janaria liseritzen laguntzeko. Jurasikoan sortu ziren, baina Kretazeoan ziren ohiko. Lau hanken gainean ibiltzen ziren gehienak.

Talde honetako dinosauro batzuk:
AvaceratopsTriceratops

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.