Txikipedia:Diktadore erromatarra
Diktadorea, Antzinako Erroman, kargu politiko bat zen aparteko egoera batean (eta, bereziki, gerra garaian) pertsona bati ematen zitzaiona, denbora mugatu batez, herrialdeko botererik handienak haren esku utziz kontsulen gainetik.
Kargu hori gure aroa baino lehenagoko VI. mendean sortu zen. Diktadorea ez zen boterea indarrez eskuratzen zuen norbait, baizik eta Senatuaren erabakiz, herrialdearen buruzagitza partekatzen zuten bi kontsuletatik bat aukeratzen zutenean sei hilabetez botere guztiak bere esku edukitzeko. Errepublikan krisi politiko edo sozial larri bat gertatzen zenean hautatzen zen diktadorea, bereziki porrot militar baten ondoren.
Diktadoreak oso botere handiak eskuratzen zituen: kontsulek beren ahalmenak galtzen zituzten eta beste magistratura edo kargu politiko guztiak ere etenda geratzen ziren; magistratuek beren karguan jarraitzen zuten, baina diktadorearen aginduak bete behar izaten zituzten.
Hala ere, diktadorea bere karguan zegoen bitartean ezin zen Italiatik kanpora atera, eta Senatuak onartzen zizkion baliabideak baino ez zituen bere esku; hau da, ezin zuen ondare publikoa bere esku eduki.
Diktadore-kargua gutxienez sei hilabeterako erabakitzen bazen ere, askotan diktadoreek lehenago uzten zuten kargua, izendapena erabakitzeko arrazoia zen arazoa konponduta geratzen bazen.
Diktadoreari 24 liktorek laguntzen zioten alde guztietara beren fasces izeneko makilekin, diktadoreak botere guztia zuela adierazten zuen sinbolo modura.
Gure aroa baino lehenagoko 501 eta 202. urteak bitartean, 76 diktadura egon ziren; baina denborarekin, funtzio hori bertan behera geratu zen, Senatua kontsulen botereak indartzea erabakizen hasi zenean.
Kasu gutxitan, bizi arteko diktadore batzuk ere egon ziren Erromaren historian; lehena Sila, eta Julio Zesar ere bai. Inperioaren garaian, berriz, kargua desagertu egin zen, enperadoreak zituelako botere guztiak.