Txikipedia:Digestio-aparatu
Digestio-aparatua gorputzaren barruko hodi luze bat da. Guruin batzuen laguntzaz elikagaiak deskonposatzen ditu eta gorputzak behar dituen mantenugaiak elikagai haietatik ateratzen dira. Azkenik, prozesu horretan sortutako hondakinak gorputzetik kanpora ateratzen ditu.
Digestio-aparatuaren atalak
Digestio-aparatuan hainbat atal eta organo daude giza gorputzean:
- Ahoa
- Esofago edo hestegorria
- Urdaila
- Gibela
- Pankrea
- Heste meharra
- Heste lodia
Digestio-aparatuaren funtzionamendua
Jaten ditugun elikagaiek aldaketa batzuk jasaten dituzte gure digestio-aparatuan. Digestio izeneko prozesuan, adibidez, elikagaietan dauden substantzia handiak substantzia edo molekula txikiagoak bihurtzen dira. Digestioa, batez ere, urdailean eta heste meharrean burutzen da, eta digestio prozesuan urdailean sortzen diren urin batzuek (urin gastrikoa, adibidez) parte hartzen dute.
Digestioaren ondoren sortutato substantzia txikiek xurgapen prozesua izaten dute heste meharrean. Molekula txiki horiek (proteinak, azukreak...) heste-mukosa zeharkatu eta odolera pasatzen dira. Heste meharrean xurgatzen ez diren substantziak heste lodira pasatzen dira eta kanporatuak izaten dira ipurtestean.
Digestio-aparatuak organismoaren beste sistema batzuekin batera lan egiten du. Batez ere, zirkulazio-aparatuarekin. Izan ere, heste meharrean xurgatzen diren substantziak odolera pasatzen dira, eta zirkulazio-aparatuaren bidez gorputzeko zelula guztietara iristen dira. Gogoratu elikaduraren azken helburua elikagaien funtsezko osagai eta mantenugaiak (proteinak, azukreak, bitaminak...) zelula guztietara eramatea dela, zelulek behar dituztelako funtzionatu ahal izateko.