Txikipedia:Danubio
Danubio Europako bigarren ibairik luzeena da, Volgaren atzetik. 2.800 km luze ditu. Alemaniako mendebaldeko Alpeetan jaio eta Itsaso Beltzeraino iristen da, bederatzi herrialde zeharkatu ondoren: Alemania, Austria, Eslovakia, Hungaria, Kroazia, Serbia, Errumania, Bulgaria eta Ukraina. Danubio Europako hainbat hiriburutatik igarotzen da: Viena, Bratislava, Budapest eta Belgrad.
Ibai honek ur edangarria ematen die zeharkatzen dituen lurraldeetako biztanleei, 10 milioi pertsona baino gehiagori, hain zuzen ere. Gainera, antzinatik oso garrantzitsua izan da Europaren erdialdearen eta hego-ekialdearen arteko merkantzien eta pertsonen garraiorako. Horregatik, gaztelu eta gotorleku asko daude ibai ertzetan, inguruko lurrak babesteko. Nekazaritzarako ere garrantzi handia izan du, bere urak laboreak ureztatzeko ere balio zuelako. Gaur egun, zentral hidroelektriko ugari daude haren ertzetan, ura aprobetxatuz energia sortzeko.
Horregatik guztiagatik, XX. mendearen bigarren erdialdean, Danubiok kutsadura handia jasan zuen. Ibaiak zeharkatzen dituen herrialdeak kutsadura hori saihesten eta ura garbitzen saiatzen ari dira.
Historia
Antzinako greziarrek Danubio esploratu zuten K.a. VII. mendean. Hainbat mendetan zehar, ibaiak Erromatar Inperioaren iparraldeko muga markatu zuen. Geroago, beste inperio batzuk ibaia kontrolatzen saiatu ziren bere garrantzi ekonomiko eta estrategikoagatik. XIX. mendearen erdialdean, hainbat herrialde akordio batera iritsi ziren: itsasontzien zirkulazio askea ahalbidetu zen, merkantzien trukea errazteko.
Argazki batzuk
- Danubio ibaia Budapest hirian
- Danubio ibaia izoztuta Vienatik hurbil, 2006an
- Danubio ibaia Serbian
- Danubio ibaia Bratislava hirian