Txikipedia:Danbor
Danborra musika-tresna bat da. Kasu gehienetan, zilindro formako erresonantzia-kutxa bat izaten du eta larru zati tenkatu bana alde bakoitzean; hori dela eta, danborrak menbranofonoen familiako musika-tresnak dira (mintz moduko baten bidez hotsa ematen dutela esan nahi du horrek). Esan bezala, danborraren estalkiak larruzkoak izaten dira askotan, baina baita material sintetikoz eginak ere. Mintza eskuaz edo makila batzuez kolpatzen denean, bibrazioa sortu eta soinua egiten du. Beraz, beste sailkapen mota baten arabera, danborrak perkusio-instrumentuak dira.
Danbor motak
Forma eta tamaina askotako danborrak daude. Gehienetan, hodi baten edo upel baten forma izaten dute. Tamainaren aldetik, badira esku batean eramateko bezain txikiak direnak, eta beste batzuk, berriz, pertsona bat bezain handiak. Danborraren gorputza zurezkoa, metalezkoa edo zeramikazkoa izaten da. Larru edo estalkia erresonantzia-kutxari lotzeko modu asko daude: iltzeak edo sokak erabiliz, itsatsita, hari metalikoak estutuz, etab.
Orkestretan erabiltzen diren danborrak handiagoak izaten dira, eta tinbal deitzen zaie. Musika modernoko baterietan, aldiz, badira tamaina desberdineko danbor txikiak, makilaz jotzen direnak, eta oinaz jotzen den danbor handi bat.
Zertarako erabiltzen dira?
Danborrek mundu zabalean erabilera oso desberdinak dituzte: zeremonia erlijiosoetan erabiltzen dira, desfile militarretan, festetan (Euskal Herriko danborradetan, esaterako), orkestretan eta musika-bandetan, adibidez. Herri askotako herri-musikan ere erabiltzen dira, erritmoa markatzeko edota dantzatzeko.
Historia
Danborrak oso musika-tresna zaharrak dira, oso oso aspalditik erabili izan ditu gizakiak. Lehenagoko danborrak, seguru aski, hustutako zuhaitz-enborrak izango ziren. Leku askotan, mezuak urrutira bidaltzeko ere erabili izan dira.
Danborrak euskal herri-musikan
Makilaz jotzen diren hainbat danbor menbranofono jo izan dira Euskal Herrian, besteak beste:
Ttun-ttun edo danburiari batzuetan "sokazko danborra" ere esan izan zaio.
Entzun danborraren soinua
Aldameneko bideoan, danbor japoniarrak entzun ditzakezu.