Txikipedia:Chisinau
Chisinau (Kisineu ahoskatua) Europa ekialdeko hiri bat da, bai eta Moldavia izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena ere. 2017ko datuen arabera, ia 700.000 biztanle ditu, gehienak moldaviarrak, baina badira errusiar eta ukrainar ugari ere; izan ere, herrialde hau Sobietar Batasunaren barruan egon zen 1991ra arte.
Moldaviera da hizkuntza ofiziala, errumanieraren oso antzekoa den hizkuntza; baina errumaniera bera eta errusiera ere hitz egiten dute biztanle askok.
Herrialde honetako industria eta jarduera ekonomikorik garrantzitsuenak hiri honetan daude; tresna elektrikoak, makinak, plastikoak, tabakoa eta oihalak dira ekoizten dira bertan. Hala ere, herrialde honetako biztanleek egoera ekonomiko apalagoa dute, Europako beste hiriburu gehienekin konparaturik.
Historia apur bat
Chisinau hiria 1436. urtean sortu zen, monasterio baten inguruan. XVI. mendetik aurrera, Otomandarren inperioaren mende egon zen. Hiria oso txikia zen XIX. mendearen hasierara arte, 7.000 biztanle inguru besterik ez zituen; baina 1812an, Errusiak okupatu eta Besarabia izeneko eskualde bateko hiriburu bihurtu zuen. 1862. urterako, 92.000 biztanle zituen, eta 1900erako, berriz, 125.000.
XX. mende hasieran, Errusiako iraultzaren ondorioz, Moldavia Errumaniako erresumara elkartu zen eta Chisinauk hiriburu izateari utzi zion.
Bigarren Mundu Gerran, hiriak alemaniarren bonbardaketa handiak jasan zituen eta ia erabat suntsituta geratu zen. Gainera, naziek 10.000 biztanle judu inguru hil zituzten. 1940an, hiriak lurrikara handi bat izan zuen eta kalte gehiago jasan zituen. Borroka luzeen ondoren, armada errusiarra nagusitu zen hiriaz; geroztik, Sobiet Batasunean egon zen, Moldaviak independentzia lortu zuen arte.
Leku ikusgarriak
Chisinaun eliza eta sinagoga (juduen tenpluak) ugari daude, bai eta katedral ortodoxo bat ere, 1830eko hamarkadan eraikitzen hasitakoa. Hiri honetan dago Moldaviako Historiaren Museoa ere. Herrialdeak independentzia lortu eta gero, hirian eraikin moderno ugari eraiki dira.