Txikipedia:COVID-19


COVID-19 birus batek (koronabirus espeziekoak) sortzen duen gaixotasun infekziosoa da. 2020. urtearen hasieran Txinan agertu zen, eta aste gutxitan mundu osora zabaldu. Gogoratu birusak mikrobio txikienak direla, gure gorputzeko zelulak infektatu eta hiltzen dituztenak. COVID-19ko birusak gure gorpuzeko zelula asko kaltetzen ditu, baina bereziki biriketakoak (pneumonia larria sortuz).

Zientzialariek uste dute birus hau birus berria dela, orain arte inoiz ez baitzuen gizakia infektatu. Ziur aski birusa animalia batzuk infektatzen zituen, eta arrazoi ezezagun batengatik animalietatik gizakira pasatu zen, lehenengo giza-infekzioak agertuz, Txinan, 2020ko hasieran. Animalietatik gizakira pasatzen diren gaixotasun infekziosoei zoonosi deitzen zaie. Gero, gizakien arteko kutsadura agertu zen, eta gaitza pertsonen artean zabaldu zen.

COVID-19 gaixotasun oso kutsakorra da, horrek esan nahi du birusa pertsonen artean erraz transmititzen dela. Birus gaiztoa gaixo batek kanporatzen du eztula edo doministiku egiten dituenean, edo hitz egiten duenean ere: gaixoak listu-tanta txikiak kanporatzen ditu hori egiterakoan, eta listu-tanta horien barruan birus gaiztoa dago. Beste pertsona batek listu-tanta txiki horiek arnasten dituenean, birusa bere gorputzaren barnean sartzen da, sudurretik edo ahotik. Horregatik da hain garrantzitsua musukoak erabiltzea, birusaren transmisioa eta sarrera galarazteko.

Gaitzaren sintomak

Listu-tanta txikien bidez transmititzen da COVID-19aren birusa pertsonen artean.

Gaitz honek sintoma asko sortzen ditu, eta horietako batzuk asko aldatzen dira pertsona batetik bestera. Baina ohikoenak hauek dira: sukarra, eztula, nekea, arnasteko zailtasunak (hau sintoma larria da, gaixo asko ospitaletara eramaten dituena), giharretako mina eta dastamena eta usaimena galtzea.

Aipatu behar da pertsona batzuk, birusez infektatuak izan arren, ez direla gaixotzen. Pertsona horiek birusa daramate gorputzaren barnean, baina ez dute gaitzaren inongo sintomarik. Pertsona horiei asintomatiko deitzen zaie. Gaur egun oraindik ez dakigu zergatik birusak ez die inongo gaixotasunik sortzen pertsona batzuei eta, aldiz, beste pertsona batzuei gaixotasun oso larria eragiten dien. Hori misterio handia da.

Gaitzaren prebentzioa

Gaitz honek gaur egun ez du oraindik tratamendu farmakologikorik, eta horregatik oso garrantzitsuak dira prebentzio-neurriak (profilaxia), gaitzaren kutsadura saihesteko.

Higienea asko zaindu behar da, neurri hauek, batez ere, hartuz:

  • eskuak sarritan garbitu (birus gaiztoa eskuetan egon daitekeelako; eskuekin gauza asko ukitzen ditugu, eta gauza horietako batzuek birusa eduki dezakete). Ur eta xaboiarekin, edo gel desinfektatzailearekin.
  • musukoa erabili (batez ere beste pertsona batzuekin gaudenean), musukoek birusaren transmisioa oztopatzen dutelako
  • segurtasun-distantzia mantendu (ez hurbildu gehiegi beste pertsonengana)
  • espazio itxiak saihestu. Espazio itxi batean sartu behar baldin badugu, ondo aireztatu.

Gaitzaren tratamendua

Gaur egun oraindik ez dago botikarik COVID-19 sendatzen duenik. Baina badago gaitza prebenitzen duen txertoa, zientzialariek lan handia egin ondoren lortu dutena. Txertoa hartzea oso garrantzitsua da birusaren aurrean babestuta egoteko.

Gaixo gehienak berez sendatzen dira, gure immunitate-sistema (gure gorputzeko defentsa naturalak) birus gaiztoa hiltzen duelako egun edo aste gutxitan. Baina immunitate-sistema ahula duten pertsonek zailtasun gehiago dituzte gaitzari aurre egiteko, eta horietako batzuk ospitaleratu behar dira.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.