Txikipedia:Burgesia
Burgesia Mendebaldeko gizarteetan, XVIII. mendearen bukaeratik gaur egunera arte, kapitala duen gizarte klase da. Burgesia osatzen dutenak burgesak edo kapitalistak dira. Zentzu zabalean, burgesia maila ekonomiko altua duen gizarte-klasea da, aberatsak, bestela esanda.
Burgesia terminoa frantseseko bourgeoisie hitzetik dator; hitz hori hirietan bizi ziren eta merkatari edo artisauak izateagatik abantaila sozialak zituzten pertsonak izendatzeko erabiltzen zen.
Burgesia hitzak adierazten du pertsona horiek ez dutela lan gogorrik egiten eta ondo bizitzeko diru nahikoa edo ondasunak dituztela. Horregatik, hitz honek bizimodu erosoa duen klasea izendatzeko erabiltzen da gaur egun oraindik.
Dena dela, burgesiaren barruan, desberdintasun ekonomikoak oso handiak izan daitezke, eta hiru maila gutxienez bereizten dira:
- Goi-burgesia: produkzio-bideen (enpresen) jabeak eta politikako goi-karguak direnak.
- Erdi-burgesia: gizartean goi-mailako prestakuntza jaso eta maila handiko lanbideetan aritzen diren pertsonak (medikuak, arkitektoak, ingeniariak, abokatuak, etab.).
- Behe-burgesia: enpresa, denda edo negozio txikien jabe diren pertsonak.
Karl Marxen hitzetan, burgesia erregimen kapitalistako gizarte-klase bat da, haren kideak ekoizpenaren jabe edo arduradunak dira, eta beraien negozioen jabe dira; hau da, langile-klasearen gainetik daude.
Baina Marxek aitortzen du burgesiari eta haren balioei esker gizarte hitza eboluzionatzen joan zela eta eskubide zibil eta politikoak eta Estatu errepresentatiboa lortzeko bidea ireki zuela.
Burgesiaren historia
Burgesia Erdi Aroan sortu zen, Europan, oraindik jende gehientsuenaren lan-iturri nagusia nekazaritza zenean, nahiz eta arropa, bitxi eta espezia merkatariak eta artisauak existitzen ziren.
Hasieran, burgesia hitza, landa eta nekazaritza utzi eta harresidun hirietan burgoak izeneko eremu berri batzuetara bizitzera joaten zirenei deitzeko erabili zen. Dena dela, nobleziak mespretxatu egin zituen burgesak.
Kontuan hartu behar da burgesak ez zirela jaun feudalak, ezta jopuak (edo jaun feudalen zerbitzura zeuden langileak), eta ez ziren noblezia edo klero estamentu pribilegiatuen parte.
Denborarekin, ordea, burgesiaren garrantzia soziala handitzen joan zen; horrela, poliki, XVIII. mendetik aurrera batez ere, burgesen ideologia, interesak eta balioak nagusitzen hasi ziren poliki-poliki Europako herrialdeetan eta haien mendeko lurraldeetan, bereziki gizabanakoen eskubideei, lanari, berrikuntzari, aurrerabideari, zorionari, askatasunari eta baldintza-berdintasunari dagokienez. Gai horiek Frantziako Iraultzaren lelo honetan laburbiltzen dira: askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna. Halaber, burgesak izan ziren Frantziako Iraultzan eta Industria Iraultzan aktiboki parte hartu zutenak, haien eskubide sozial, politiko eta ekonomikoak aldarrikatzen.
Gaur egun, burgesia erdi-mailako klasea edo haien negozio propioa duten pertsonen taldeari deitu ohi zaio. Baina, burgesia terminoak mespretxuzko erabilera izaten du askotan: izan ere, haien lan-eskubideen alde borrokatu behar ez duten eta gizarte-ordenarekin gustura dauden pertsona arruntak izendatzeko erabili ohi da.