Txikipedia:Bosnia-Herzegovina

Bosnia-Herzegovina hegoaldeko Europako estatu burujabe bat da, Balkanetan kokatua. Ia XX. mende osoan Jugoslavia izeneko herrialde baten parte izan zen. Baina 1990eko gerra zibil baten ostean independizatu egin zen. Herrialdeko hiriburua Sarajevo da.

👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
3.816.459
🔎
Azalera
51.197 km²
🏙️
Hiriburua
Sarajevo
📷
Argazkiak
ikusi
🗺️

Herrialdearen kokapena.

Bosnia-Herzegovinako etnia garrantzitsuenak bosniarrak, serbiarrak eta kroaziarrak dira. Bosniarrek populazioaren bi bosten baino gehiago osatzen dute, serbiarrek heren bat baino gutxiago eta kroaziarrek bosten bat baino gutxiago. Hiru etniek hizkuntza bera hitz egiten dute: serbokroaziera.

Serbiar gehienak kristau ortodoxoak dira, kroaziarrak, aldiz, katolikoak. Bosniarrak Otomandar Inperioaren agindupean Islam erlijioa hartu zuten eslaviarren ondorengoak dira; horregatik, haien artean, musulmanak dira nagusi.

Geografia

Herrialdearen bandera.

Bosnia-Herzegovina Balkanetako penintsulako mendebaldean kokaturik dago, Europa erdialdean. Kroaziak, Serbiak, Kosovok, Montenegrok eta Itsaso Adriatikoak inguratzen dute. Bosniak, bi eskualdeetatik handienak, errepublikaren iparraldea eta erdialdea okupatzen ditu. Herzegovinak, aldiz, hegoaldea eta hego-mendebaldea.

Bosnia-Herzegovina lurralde menditsua da. Ibai asko ditu, besteak beste Bosna, herrialdeari izena ematen diona. Bosnian eguraldia epela da orokorrean, baina neguan hotz handia egin dezake. Herzegovinan, aldiz, udak oso beroak izaten dira.

Ekonomia

Ia jendearen erdiak industrian eta meatzaritzan egiten du lan. Industrian zementua eta altzairua produzitzen dituzte. Meategietan, aldiz, ikatza, burdin minerala eta beste metal batzuk. Zerbitzuak eta merkataritza ere funtsezkoak dira bertako ekonomian.

Nekazaritza eta basogintza ere oso garrantzitsuak dira. Nekazaritzan artoa, patatak, garia, azak, oloa, aranak eta tabakoa lantzen dira. Ardiek eta behiek herrialde laurdena okupatzen duten larreetan bazkatzen dute.

Historia

Eslaviarrak gaur egun Bosnia-Herzegovina den tokian jarri ziren bizitzen VI eta VII. mendeetan inguruan. Lurraldea, independentzia garai laburretan zehar, serbiarrek, kroaziarrek, hungariarrek, veneziarrek eta bizantziarrek kontrolatu izan zuten.

XV. mendean Otomandar Inperioak Bosnia konkistatu zuen. Bertako jende gehiena, lur-jabeak batez ere, islamiar erlijiora bihurtu zen. XVIII eta XIX. mendeetan lur-jabe musulmanen eta nekazari kristauen (serbiarrak eta kroaziarrak zirenak) arteko tentsioak gora egin zuen. 1875an kristau bosniarrak otomandarren agintearen aurka altxatu ziren Serbiaren laguntzarekin.

Geroago, Austria-Hungariako Inperioa pixkanaka lurra bereganatzen joan zen. 1914an bosniar-serbiar batek Austriako Franz Ferdinand artxidukea hil zuen. Hilketa horrek Lehen Mundu Gerra (1914-1918) piztu zuen. Gerraren ostean, Bosnia-Herzegovina Serbiak kontrolatzen zuen Jugoslavia izeneko erresuma berriaren parte izatera pasatu zen.

Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) ondoren Jugoslavia estatu komunista izatera igaro zen. Gobernu komunista 1989an desegin zen, eta serbiarren, kroaziarren eta musulmanen arteko tentsioa berriro agertu zen. Bosniako kroaziarrek eta musulmanek errepublika independente bat nahi zuten. Bosniako serbiarrek, aldiz, ez zuten Jugoslaviatik banatu nahi.

Pixka bat geroago, 1992 hasieran, bosniarrek independentziaren alde bozkatu zuten, eta serbiarren, kroaziarren eta musulmanen arteko gerra zibila hasi zen. Borroka haren ondorioz bi milioi pertsona baino gehiago etxerik gabe gelditu ziren eta 200.000 pertsona baino gehiago hil ziren.

Azkenean, 1995ean, gerran ari zirenek bakea sinatu zuten. Bosnia-Herzegovinak independentzia lortu zuen. 1996an bosniar musulmanek, serbiarrek eta kroaziarrek hiru presidente aukeratu zituzten, herrialdeko etnia garrantzitsu bakoitzarentzat bana.

Irudiak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.