Txikipedia:Bosforo

Bosforo Turkiaren ipar-mendebaldean dagoen itsasarte bat da. 30 kilometroko luzera du, eta Dardaneloen itsasartearekin batera Itsaso Beltza (iparraldean) eta Marmarako itsasoa (hegoaldean) Mediterraneo itsasoarekin elkartzen ditu.

Bosforo itsasartearen kokapena.

Bosforo eta Dardaneloak bi kontinente artean daude: Europaren eta Asiaren artean. Historian leku hau beti izan da oso garrantzitsua. Horregatik dago Istanbul turkiar hiri handia Bosforoko hegoaldean. Lehen, hiri hori oso boteretsua zen, Bizantziar Inperioaren hiriburu izan zelako, eta gero, Otomandar Inperioarena. Hiriaren zati bat Europan dago eta beste bat Asian.

Historia

Antzinaroan, Bosforo Antzinako Greziarena zen. Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean eraiki zituzten hiriak greziarrek. Urrezko Adarra delakoan, Bosforoko penintsulako hegoaldean (europar aldean), Bizantzio hiria sortu zen K.a. 600 urtean.

Geroago, IV. mendean, Konstantinopla izena hartu zuen eta Ekialdeko Erromatar Inperioaren hiriburu bilakatu zen. Bizantziar Inperioa bihurtu zen azken hori, eta greziera zen gehien hitz egiten zen hizkuntza. Bizantziarrak kristau ortodoxoak ziren.

1453an, Konstantinopla turkiar otomandarrek konkistatu zuten. Agintari musulmanek Bosfororen alde bietan gotorlekuak eraiki zituzten, Konstantinopla babesteko asmoz. Hala ere, herrialde kristauei merkataritzan aritzen eta Bosforotik pasatzen uzten zieten.

Hori bereziki garrantzitsua zen Errusiarentzat, iparralde hotzetik Itsaso Beltzera arte zabaltzen baitzen. Bertan, urte osoan izotzik gabe zeuden portuak eraiki zituzten errusiarrek. Errusia eta Otomandar Inperioa askotan egoten ziren gerran, haien artean. 1856ko Krimeako Gerraren ostean, Bosforok nazioarteko bide nabigagarria izan behar zuela adostu zuten herrialdeek, baina bertatik gerraontzirik ezingo zen igaro.

Lehen Mundu Gerraren ostean, Otomandar Inperioa desagertu zen eta Turkiako Errepublika sortu zen. 1936an tratatu berri bat onartu zuen turkiar gobernuak, oraindik ere indarrean dagoena. Haren bidez, herrialde guztiei baimena ematen zaie merkataritza-ontziak itsasartetik igarotzeko. Gerraontziek, ordea, Turkiaren baimena behar dute bertatik igarotzeko. Adibidez, Bigarren Mundu Gerran, alemaniar itsasontziak ezin ziren Itsaso Beltzera sartu Sobietar Batasunaren aurka borrokatzeko.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.