Txikipedia:Bordele

Bordele Europako hiri bat da, Frantzian dagoena. Poitou-Charentes izeneko eskualdean dago eta 250.000 biztanle inguru ditu, 2016ko datuen arabera. Frantziako zazpigarren metropoli-eremu handiena da, 1.100.000 biztanlerekin.

Bordele hiriaren kokapena Frantziako mapan.

Hiria Garona ibaiaren ezkerreko ertzean dago. Hor, ibai hori zabaldu egiten da eta Girondako estuarioan itsasontzientzako portua sortzen du.

Bordeleko klima ozeanikoa da: negua eztia eta hezea da, eta uda beroa.

Hiria mundu osoan oso ezaguna da bere mahastiengatik.

Historia

Hiriari buruzko lehenengo testuek Burdigala izeneko leku batez hitz egiten dute, gutxi gorabehera K.a. 300 urtean. Testu horien arabera, hor tribu zelta bat bizi zen. Erromatarrek K.a. 60. urte inguruan hartu zuten hiriaren gobernua. Geroago Akitania erromatarreko hiriburu bihurtu zen. V. mendean, bandalo, bisigodo eta frankoek suntsitu zuten.

XII. mendetik XV. mendera, hiria errege ingelesek menderatu zuten, baina 1653an Frantziako Erreinuak Bordele konkistatu zuen, Luis XIV.aren armada hirira sartu zenean.

1870ean Frantziako gobernua Bordelera aldatu zen denbora batez. Hori Prusiaren aurkako gerra franko-prusiarraren hasieran gertatu zen. Beste aldi baterako aldaketa bat Lehen Mundu Gerran egin zuten, eta, berriz ere, Bigarren Mundu Gerra bitartean.

XIX. mendea baino lehen, ez zegoen zubirik Garona gainean eta zaila zen ibaia zeharkatzea; horri esker, hiriak posizio estrategikoa zuen, mendebaldean erasoetatik babestua zegoelako.

Egin zen lehenengo zubia “harrizko zubia” deitzen zen, eta 1821ean amaitu zuten; zubi horren bitartez, posiblea zen Bordelera errepide bidez sartzea. Ondoren, 1860an, Eiffel pasarela egin zuten, burdinazko trenbide egitura. Bi zubi hauek oraindik existitzen dira, baina komunikazioak asko garatu dira, batez ere 1960tik aurrera; horrela, gaur egun, Bordelek beste bost errepide-zubi ditu, trenbideko zubiaz gain.

Leku ikusgarriak

  • Cailhau atea: hiriaren antzinako Erdi Aroko atea da, XV.mendean eraikia.
  • La Grosse Cloche: udaletxea zenaren kanpandorrea da.
  • Girondinoei egindako monumentua: 1894 eta 1902 artean eraiki zuten, Place des Quinconces plazan, Europako plaza handienean. Zutabe bat da, 43 metro neurtzen dituena, eta goialdean estatua bat du, "askatasunaren genioa bere kateak hausten”. Omenaldia egiten die Girondako diputatuei. Horiek Izuaren biktima izan ziren Frantziako Iraultza bitartean.
  • Saint-André katedrala: eraikin gotikoa.
  • Antzoki Handia: 1773 eta 1780 artean eraiki zen eta Frantziako lehenengo antzoki handia izan zen.
  • La place de la Bourse: 1730 eta 1755 artean eraiki zuten. Erdigunean Hiru Grazien iturria dago, 1869an eraikia.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.