Txikipedia:Bizkarrezur-muin

Bizkarrezur-muina ornodunek bizkarrezurraren barnean duten nerbio-kordoia da; entzefaloaren luzapena dela esan daiteke, eta harekin batera nerbio-sistema zentrala osatzen du. Burezurreko zulogune okzipitalean hasten da eta lehen orno lunbarreraino iristen da (45 cm inguruko luzera du). Burezurra entzefaloa babesten duen hezur-egitura den bezala, bizkarrezurra da bizkarrezur-muina babesten duena.

Nerbio-sistema zentralaren diagrama: burmuina, zerebeloa, bizkarrezur-muina

Bizkarrezur-muinaren egitekoa

Burmuinaren luzapena da, eta burmuinaren aginduak gorputzera hedatzea eta gorputzak burmuinera bidaltzen dituen sentsazioak garraiatzea da haren egitekoa. Horretarako, 31 nerbio espinal abiatzen dira bizkarrezur-muinetik, aipatutako sentsazio edo seinaleak garraiatzeko.

Istripu baten ondorioz, gerta daiteke bizkarrezurra apurtzea; holakoetan, burmuinaren eta gainerako gorputzaren arteko komunikazioa eten egiten da, bizkarrezur-muinak ezin duelako bere egitekoa bete. Paraplejia deitzen zaio horri; paraplejikoek desagertuta dauzkate gorputzaren behealdeko funtzioak (hanken mugikortasuna eta gorputz-atal horien sentsazioak).



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.