Txikipedia:Big Bang

Big Bang (Eztanda Handia) delakoa unibertsoa nola sortu zen azaltzeko gaur egun dagoen teoriarik onartuena da. Teoria honen arabera, unibertsoko materia guztia puntu bakar batean bilduta zegoen, hasierako singularitatea deitzen den une batean, baina duela 13,7 mila milioi urte inguru, eztanda egin zuen eta materia hori unibertsoan zehar zabaldu eta sakabanatu zen milioika eta milioika zatitan, inflazioa deitzen den prozesu batean. Geroago, zati horiek pixkanaka-pixkanaka multzotan bilduz joan ziren; horietatik sortu ziren galaxiak, izarrak eta planeta-sistemak.

Unibertsoa nola zabaltzen den erakusten duen animazioa.
      Entzun!

Zientzialariek uste dute unibertsoa oraindik zabaltzen ari dela, eta, geroari begira, bi iritzi edo hipotesi daude: baten arabera, unibertsoak etengabe jarraituko du zabaltzen; bestearen arabera, ordea, unibertsoaren hedapen hori noizbait bukatuko da eta, bertan dauden astro edo gorputz guztiek duten erakartze-indarraren ondorioz, astro horiek berriro ere puntu batean bilduko dira eta unibertsoa puntu bateraino uzkurtuko da; une horri Big Crunch deitzen diote.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.