Txikipedia:Basajaun
Basajauna, basoetako gizona izenarekin ere ezaguna, euskal mitologiako pertsonaia da. Izaki mitologiko hau normalean gizonezko indartsu bat izaten da, belaunetaraino heltzen zaion bizar eta ile luzea dituena. Gizaki baten itxura dauka oinetako batean izan ezik, oin horretan txahalen apatxak baititu. Basandere da haren bikotekidea, basoetako emakumea. Basajaunaren mitoaren jatorria erromatarrek Iberiar penintsula konkistatu baino lehenagokoa da seguru asko.
Basajaun, basoen zaindaria
Elezaharrak dioenez, Basajauna basoetan ezkutatutako haitzuloetan bizi da, gizakien begiradatik urrun. Bertatik betetzen du bere eginbeharra: natura eta animalien babesle da. Kontakizun tradizionalen arabera, ekaitza edo harrapariren bat hurbilduz gero, Basajaunak bere lurraldeko larreetan dauden artaldeei abisatuko die. Horrez gain, esan ohi da artaldeen zintzarriek aldi berean jotzen dutenean, Basajaun gertu dagoenez animaliek atsedena lasai hartu dezaketelako dela.
Basajauna omen zen lehen nekazari, errotari eta errementaria. Hori dela eta, oso jakintsua omen da nekazaritzan eta erraminten sorkuntzan. Dena den, gizakiek duela urte asko eta asko lapurtu egin omen zizkioten ezagutza horiek guztiak eta horregatik bizi da gizakiengandik aparte, baina haiekin haserretu gabe.
Basajauna eta garia
Gizakiek nekazaritzaren berri izan aurretik, Basajauna mendian bizi zen garia lantzen eta animaliak zaintzen. Nahiz eta gizakiek gose ikaragarria pasatu, Basajaunak ez zituen bere jakintzak gizakiekin partekatu nahi.
Baina, egun batean, Martin Txiki izeneko gazte batek egoera aldatzeko zerbait egitea erabaki zuen. Basajaunaren bizilekura hurbildu zen Martin Txiki. Basajauna garia lantzen ari zen zelai zabaletan eta pixkanaka metatan biltzen zuen garia. Martin Txiki bertara hurbildu eta meten gainetik salto egiteko erronka bota zion, berak altuago salto egingo zuela ziurtatuz. Basajaunak, guztiz harrituta, erronka onartu eta zailtasunik gabe egin zuen salto. Martin Txiki, ordea, metaren erdi-erdian erori zen, apustua galdu eta Basajaunaren isekak entzun behar izan zituen gainera.
Martin Txiki herrira itzuli zen. Hala ere, zapatak kendu eta astintzean barruan geratutako hainbat gari-ale erori ziren lurrera. Gizakiek hazi horiek landatu eta horrela sortu ziren gizakiek ereindako lehen gari soroak. Horri esker hainbat jaki lortu zituen gizakiak ogia, besteak beste.
Bada Martin Txikiren elezaharra beste era batera kontatzen duenik ere. Bigarren bertsio horren arabera, Martin Txikik erronka bera bota zion Basajaunari haitzulo batean, baina erronka haziak lortzeko helburuarekin egin zuen, baita lortu ere. Gero, haitzulo berera itzuliko da Martin Txiki, haziak nola erein ikastera eta erraz ikasiko du nola egin behar den, Basajauna kantari zebilen abestiak azaltzen baitzuen dena.
Basajaunen kondaira
Bakarne Atxukarroren liburuko 'Basajaunen ogia' [1] kondairaren moldaketa:
≪Basajauna mendian eta basoan bizi zen erraldoi iletsua eta bakartia zen. Artaldeak zaintzea zen bere gauzarik gogokoena eta eguraldi txarra egiten zuzenean artzainak jakinaren gainean jartzen zituen, oihu eta txistu eginez. Ordainetan Basajaunari ogia ematen zioten baina hori ez zen beti horrela izaten, aspaldiko garaietan Basajaunak bakarrik zekielako ogia egiten.
Nekazariek Basajaunari ogia lapurtu nahi izaten zieten baina denak hori egiteko beldur ziren, Martin izan ezik. Gauean, Martin Basajaunaren etxera joan eta gari ale batzuk bereizten ikusi zuen, horiek urre koloreko mendi bat osatzen zutelarik. Aleak bereizten zituen bitartean, Basajaunak esaldi hau errepikatzen zuen: prest zaude udako garia.
Martin gose zela ohartu zen eta gertu zegoen etxe batetik zetorren ogi egin berriaren usaina sumatu zuen, etxera hubildu zenean, leihotik Basajaunaren emaztea eta semea ikusi zituen eta haiek konturatu gabe Basajaunaren abarka handiak hartu zituen.
Martin Basajaunarengana hurbildu eta apostu bat egitea proposatu zion. Martinek urrezko mendira pauso batekin igotzeko gauza izango zela esan zion, Basajaunak ez bezala. Baina Basajaunak bera hori egiteko gai zela erakusteko, pauso batekin ale mendiaren tontorrera iritsi zen. Martinek berriz ez zuen lortu, bera Basajauna baina askoz ere txikiagoa zelako. Baina lapurtutako abarkak jantzita zituenez, Martin lurrera iritsi zenean abarkak gariz gainezka zituen eta Basajaunari bazihoala esan zion.
Etxerako bidean topatu zuen artzainari ogia nola egiten zen azaldu zion, Basajaunaren emazteak haien umeari nola egiten den azaltzen ari baitzitzaion bera haien etxera hurbildu zenean. Ondoren, abarketan gordetako garia atera zuen eta handik aurrera Martin izan zen Basajaunek zituzten sekretuak ezagutzeko arduraduna. Poliki-poliki, lapurtutako sekretu horiei esker herria hobetzen hasi ziren, baita haien bizimodua ere.≫
Irakaspena
Natura eta edonor zaindu eta errespetatu behar da, bestela zigor handiak jasan ditzakegu.
Bibliografia
- Atxukarro Estomba, Bakarne. ([2015]). Euskal mitologia haurrentzako ipuinak : euskal ipuin herrikoien bilduma. Denonartean ISBN 9788415756774. PMC 920320217. (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).