Txikipedia:Banpiro

Banpiroak fikziozko munstroak dira, gauez gizakien odola edatera ateratzen direnak. Beren letagin zorrotzak erabiltzen dituzte biktimaren eztarriari hozka egiteko. Kondairaren arabera, banpiro batek hozka egiten dion pertsona bat banpiro bihurtzen da bera ere.

1958ko Drakula filma.

Banpiroak film, liburu eta bestelako hedabide askotan agertzen dira. Mozorrotzeko ere erabiltzen dira inauterietan.

Banpiroak kriminalak edo hilobitik hil eta berpiztu diren beste pertsona txar batzuk direla esaten da. Gauez esnatzen dira elikatzeko, baina eguzkia atera baino lehen itzuli behar dute beren atseden lekura. Banpiro batek saguzar bihurtuta bidaiatu dezake.

Hainbat istorio kontatzen dira banpiroei buruz; adibidez, ez direla ispiluetan islatzen; ezin dutela jasan baratxuri usaina edo kristau gurutze bat ikustea; banpiroak hiltzeko modu bat bihotzean egurrezko taket zorrotz bat sartzea dela, edo banpiroaren atseden lekua suntsitzea.

Banpiroei buruzko sinesmena egon da Europa eta Asiako leku batzuetan. Banpiroei buruzko kontakizun asko Ekialdeko Europatik etorri ziren, Hungariatik bereziki.

Banpiroei buruzko ideia moderno gehienak Bram Stoker idazlearen Drakula (1897) eleberritik datoz. Pertsonaia nagusia, Drakula kondea da, Transilvaniako gaztelu beldurgarri batean bizi den banpiroa. Historiak Ekialdeko Europako herri-ipuinen elementuak ditu. Drakula kondearen pertsonaia, itxura batean, XV. mendeko Vlad izeneko printze krudel batengan izan dezake jatorria.

Drakulari buruzko lehen filma 1931n estreinatu zen. Geroztik, liburu eta film gehiagotan agertu dira banpiroak. Ezagunenen artean, idazle estatubatuar pare baten lanak daude: Anne RicerenVampire Chronicles eta Stephenie Meyerren Twilight saga daude.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.