Txikipedia:Bakterio

Bakterioak zelula bakarraz osatuta dauden izaki bizidun batzuk dira, organismo unizelularrak, alegia. Mikroorganismoak dira (mikrobioak ere deituak) eta gure planetako izaki bizidun ugarienak dira. Ez dute nukleorik, legamiek ez bezala, hauek ere unizelularrak baitira, baina nukleoa dute.

Zelula prokariotoaren egitura.

Bakterio batzuek gaixotasun infekziosoak eragin ditzakete, eta horregatik, patogenoak direla esaten da (grezieratik pathos = "gaixotasuna" eta genein = "sortu"); baina gehienak onuragarriak dira gizakiarentzat; are gehiago, oso onuragarriak dira sinbiosia gertatzen denetan edota zenbait industri prozesutan. Bestalde, materiaren zikloetan (karbonoa zein nitrogenoarenean) parte hartzen dute, eginkizun garrantzitsua dutelarik. Lurreko ekosistemetan betetzen duten zeregina oso garrantzitsua da. Horregatik, esan ohi da bakteriorik gabe ez litzatekeela posible izango Lur gainean gizakirik, animaliarik edo landarerik ere egotea.

Animalien zelulak baino 50 aldiz txikiagoak dira, 1 µm inguru, hots, metro maten milioirena. Horregatik, nahiko zaila izaten da mikroskopio optiko batez behatu ahal izatea. Bakterioek kromosoma bat baino ez dute.

Bakterioak mota guztietako habitatetan aurki daitezke: lurzoruan, uretan, airean, bai eta beste bizidunen barruan ere. Habitat gogorrenetan ere bizi daitezke, bestelako bizidunik egon ezin den lekuetan: 0º C-tik beherako tenperaturetan bezala, baita 100º C-tan ere; itsaso sakonean, 5.000 metrotik behera, ikaragarrizko presioak jasanez; habitat azidoetan (pH=1) eta urik gabeko tokietan, etab.

Aurkikuntza

Louis Pasteur izeneko zientzialari frantses batek frogatu zuen XIX. mendearen bukaeran bakterioak existitzen zirela, eta zientzia berri bat sorrarazi zuen: Mikrobiologia. Pasteur baino lehen, sorkuntza espontaneoaren teoria zen nagusi, hau da, bizidunak materia bizigabetik sor zitezkeela zioen teoria biologikoa. Zientzialari honek berak aurkitu zuen bakterioak hiltzeko modu bat, batez ere kontserbetarako edo esnerako: pasteurizazioa.

Bakterio motak

Bakterioak mota desberdinekoak dira. Adibidez, oxigenoaren beharraren arabera, bi multzotan banatzen dira:

  • Aerobioak: oxigenoa behar dutenak.
  • Anaerobioak: oxigenorik behar ez dutenak.

Itxuraren arabera, aldiz, honelakoak izan daitezke:

  • Baziloak: luzangak, eta 1 eta 10 µm (mikrometro) bitarteko diametrokoak.
  • Kokoak: biribilak, eta 1 eta 2 µm (mikrometro) bitarteko diametrokoak.
  • Espiriloak eta bibrioak: kiribilak edo kakotx itxurakoak.

Elikadura

Bakterioak materia organikoz elikatzen dira: azukrea, almidoia, zelulosa, proteinak, koipeak, hidrokarburoak... Horretarako, enzima batzuk sortzen dituzte, makromolekulak (molekula handiak) degradatzen (suntsitzen) eta molekula sinple bihurtzen uzten dienak haietaz elikatu ahal izateko.

Ugalketa

Organismo asexuatuak dira (ez dute sexurik), eta zatiketa zelularraren bidez ugaltzen dira, beren burua erdibituz alegia: zelula batek (bakterio ama deitua) bi zelula berdin (zelula kume deituak) sortzen ditu; hauek amaren ondare genetiko berbera dute, eta haiek ere zelula ama bihurtzen dira, etab.

Bakterio batzuk

Escherichia coli, gure hesteetan bizi den bazilo bat.
  • Lactobacillus bulgaricus: jogurtak ekoitzeko erabilia.
  • Bordetella pertussis: kukutxeztula izeneko gaixotasuna eragiten duena.
  • Escherichia coli: gure digestio-hodian bizi da.
  • Streptococcus pneumoniae: pneumoniak eragiten dituena.
  • Salmonella: infekzioak eragiten ditu digestio-aparatuan

Eta beste hainbat.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.