Txikipedia:Asteroide
Asteroide bat planeta bat baino txikiagoa den harrizko edo metalezko gorputz bat da, Eguzkiaren inguruan orbitatzen duena. Planetak baino txikiagoak direnez, planetoide ere esaten zaie. Asteroide izena "izar formakoa" esan nahi duen grekrerazko hitz batetik dator, asteroideek Lurretik ikusita izarrak diruditelako. Gaur egun, 15.000 asteroide inguru ezagutzen ditugu, baina seguraski askoz gehiago daude. Astronomoek 1801ean identifikatu zituzten lehen asteroideak.
Asteroideak tamaina desberdinetakoak izan daitezke; txikienek metro batzuetako diametroa daukate, eta handienek 300 km baino gehiagokoa. Milioika asteroide daude harri handien tamainakoak, eta era guztietako formak dituzte: batzuk ia biribilak dira, eta beste batzuek, berriz, forma irregularra dute.
Oro har, planetak sortu zirenetik soberan geratu ziren materialak dira; baina espazioan dauden beste gorputz batzuek elkar jo eta apurtzen direnean ere sortzen dira.
Eguzki-sistemako asteroide gehienek Marte eta Jupiterren artean orbitatzen dute, asteroide-gerriko izeneko gune batean.
Lurreko atmosferan, asteroide txiki asko sartzen dira egunero Lurreko atmosferan. Ia denak erretzen dira lurrera erori aurretik. Erre ahala, arrasto bat uzten dute zeruan, Lurretik ikus daitekeena. Beste asteroide batzuk, berriz, lurrazaleraino iristen dira, eta orduan meteorito deitzen zaie.