Txikipedia:Artearen historia

Gizakiek milaka urtez margotu dute. Frantzia eta Espainiako kobazuloetako paretetan 15.000 urteko pinturak aurkitu dira. Labar-pintura horiek, orokorrean, lehenengo gizakiek ehizatzen zituzten animaliak erakusten dituzte. Txinan era Iranen, gutxienez 5.000 urte dituzten zeramika margotu zatiak aurkitu dira. Antzinaroko egiptoarrek beren hilobiak eta tenpluak margolan landuez apaintzen zituzten. Antzinako Greziako hiritarrek apaintzeko objektuak margotzen zituzten, hala pitxerrak, nola tenpluetako paretak.

Erdi Aroko artelan bat.

Erdi Aroa

Leku askotan, antzinako Egipton, Grezian, Erroman eta Txinan, adibidez, artistek margolanak miniaturan (oso txikiak) sortu zituzten idatzizko testuak hornitzeko. Testu horiei «eskuizkribu argiztatuak» deitzen zaie. Miniaturako margolaritza denbora luzez arte forma garrantzitsua izan zen Indian eta Ekialde Hurbileko leku batzuetan. Erdi Aroan zehar (500. urtetik 1500. urtera), Europan Biblia asko egin ziren eskuizkribu argiztatu moduan, eta baita beste liburu berezi batzuk ere.

Ekialdeko Europako artistak margolan erlijiosoak egur tauletan margotzen hasi ziren. Erdi Aroaren bukaera aldera, artista europarrak margolan txikiagoak sortzen hasi ziren «asto» izeneko euskarri eramangarri baten gainean. Margolan txikiago horiek lekuz aldatu eta paretetan zintzilik jar zitezkeen.

Bitartean, txinatarrek eta japoniarrek tradizio luze bat hasi zuten: paperezko edo zetazko biribilki luzeetan akuarelekin eta tintazko margoekin margotzea. Txinako pergaminoetako askok paisaiak irudikatzen zituzten; bestalde, japoniarrek istorioak kontatzen zituzten, testua eta irudiak nahasiz.

Errenazimentua

Gioconda, Errenazimentu garaiko artelana.

Errenazimentuaren garaian (1300. urte erdialdetik, 1500era), Europako arteak garapen handia izan zuen. Errenazimentuko artistak Erdi Arokoak baino lan errealistagoak margotzen hasi ziren. Horretarako, haien ingurunea arretaz behatu zuten. Gainera, pintura lau batean hiru dimentsioko mundu baten ilusioa sortzeko teknika asko garatu zituzten.

Florentzian eta Erroman (gaur egungo Italian), artista batzuek ideia ausartak sartu zituzten; adibidez, Rafael, Leonardo da Vinci eta Michelangelo. Leonardok esperimentuak egin zituen argiaren eta kolorearen tonu naturalagoak sortzeko moduak aurkitzeko. Beranduago, Tiziano, Tintoretto eta Paolo Veronese margolari italiarrek Venezia artearen gune garrantzitsu bat bihurtu zuten. Italiako Errenazimentuak Europako beste toki batzuetako artista askorengan izan zuen eragina; adibidez, Albrecht Dürer alemaniarra, Brueghel gaur egungo Belgikakoa, eta Grekoa, bere obra garrantzitsuenak Espainian sortu zituena.

Barrokoa, Rokokoa eta Neoklasizismoa

Velázquez

XVII. mendean, Europan «Barroko» izenaz ezagutu zen arte-estiloa hedatu zen. Pintura barrokoek kolore biziak eta argiaren eta itzalaren efektu dramatikoak erabiltzen dituzte emozio handiak adierazteko. Margolari barroko ezagunenak Caravaggio italiarra eta Peter Paul Rubens flandriarra izan ziren. XVII. mendeko beste margolari garrantzitsu batzuk Diego Velázquez espainiarra eta Rembrandt eta Jan Vermeer herbeheretarrak izan ziren.

XVIII. mendean, Frantziako margolari batzuek «Rokoko» estiloa sortu zuten, adibidez, Jean-Antoine Watteau. Euren pinturek paisaia lasaiak eta eszena apaingarriak erakusten zituzten, non jendea modu dotorean jantzita agertzen zen. XVIII. mendearen bukaeran, artista batzuk, Jacques-Louis David, adibidez, Rokokoaren aurka agertu ziren, eta «Neoklasizismo» izeneko estiloa sortu zuten (“klasizismo berria” esan nahi zuen). Mundu klasikoko (Antzineko Grezia eta Erroma) eszenak margotzen zituzten lerro garbiekin eta detailerik gehitu gabe.

Erromantizismoa eta Errealismoa

Joseph Turner

XIX. mendeko artista batzuek euren imajinazioa eta emozioak margolan oso pertsonaletan adierazi nahi izan zituzten. «Erromantizismo» izeneko mugimendu baten parte ziren. Margolari hauetako askok, gainera, natura asko preziatzen zuten. John Constable eta Turner margolari ingelesek, adibidez, argia eta kolorea askatasun handiz erabili zituzten euren paisaietan.

XIX. mendeko beste artista batzuek «Errealismo» izeneko estilo batean margotu zuten. Gai historikoetan edo ideia garrantzitsuetan arreta jarri beharrean, eguneroko bizitza eta euren arazoak modu errealistan erakustea nahiago izan zuten. Gustave Courbet margolari frantsesak, adibidez, uste zuen margolaritzak gizarte aldaketa iradoki behar zuela.

Inpresionismoa

Renoir

XIX. mendearen bukaeran, artista frantses talde bat argiaren efektu iheskorrak naturako koloreetan harrapatzen saiatu zen. Batzuk argi islatuaren efektua kopiatzen saiatu ziren, kolore distiratsuen ukitu lodiak jarriz eta kontraste egiten duten koloreak bata bestearen ondoan ipiniz. Margolaritza estilo hori «Inpresionismo» izenaz ezagutu zen. Inpresionista ezagunenetako batzuk ondoko hauek izan ziren: Édouard Manet, Pierre-Auguste Renoir, Camille Pissarro, Claude Monet eta Edgar Degas.

Post-inpresionistatzat ezagututako artistek mugimendua urrunago eraman zuten, koloreen, formen eta gaien euren enfokatze propioa erabiliz. Georges Seurat frantsesak estilo berri bat garatu zuen: margolan guztia kolorezko puntuekin margotzea. «Puntillismo» izena hartu zuen estilo horrek. Vincent Van Gogh margolari herbeheretarrak emozio indartsuak aurkeztu zituen kolore biziak eta pintzelada sendoak erabiliz. Paul Cézanne frantsesak bere gaietan azalerako detaile txikiak alde batera utzi zituen, eta, horren ordez, oinarrizko forma sendoak erakustea erabaki zuen. Beste artista frantses batek, Paul Gauguinek, kolore harrigarriak erabili zituen eszena ez tradizionalak irudikatzeko, bereziki, Hegoaldeko Ozeano Barean dagoen Tahiti irlarenak.

Margolaritza modernoa

Kandinsky

Inpresionistek eta post-inpresionistek margolaritza modernoaren formei bidea zabaldu zieten. Margolari moderno askok arte abstraktua egin dute, kanpoko munduko ezer irudikatzen ez duena. Pertsonak, lekuak edo objektu ezaguterrazak irudikatu ordez, margolan horiek formetan, lerroetan, koloreetan eta testuretan jartzen dute arreta. Wassily Kandinsky artista errusiarrak lehenengotariko margolan abstraktuetako batzuk sortu zituen XX. mendearen hasieran.

Picassok, XX. mendeko margolari garrantzitsu batek, partzialki abstraktua zen margolaritza estilo bat sortzen lagundu zuen: «kubismoa». Kubismoan formak sinpleak eta lauak ziren. Sarritan, pertsona edo objektu baten alde bat baino gehiago irudikatzen ziren aldi berean. Adibidez, pertsona baten sudurraren alde bat eta bi begien aurreko aldea irudi berean agertu zitezkeen.

1920ko hamarkadan, margolari batzuek fantasiazko irudiak eta errealitatezko irudiak nahastu zituzten «surrealismo» izeneko estiloan: adibidez, Dalík eta Mirók, biak espainiarrak. Batzuetan, margolari surrealistek objektu arruntak leku ezohikoetan margotzen zituzten, adibidez, tximinia batetik ateratzen zen tren bat.

Edward Hopper

Garai hartako margolari garrantzitsu batzuek oso estilo indibidualak zituzten. XX. mendeko margolari estatubatuar batzuek tradizio horrekin jarraitu zuten, haien artean, Edward Hopper. Beste batzuek, Georgia O'Keeffe haien artean, estilo berriago batzuen eragina jaso zuten. O’Keffe animalien hezurren, loreen eta arroken margo partzialki abstraktuak margotzeagatik da ezaguna.

1940ko hamarkadan, New York hiriko hainbat artistak «Espresionismo Abstraktu» izeneko margolaritza estilo bat sortu zuten. Jackson Pollock, Willem de Kooning eta Mark Rothko margolariek teknika berriak erabili zituzten euren sentimenduak edo sormen askea erakusten zituzten margolan abstraktuak sortzeko. Pollockek, adibidez, oihal handi bat lurrean jartzen zuen, eta gainetik margoa isurtzen zion edo tantak botatzen zizkion.

1950eko hamarkadan, «Pop art» izeneko mugimendu bat hasi zen. Artista batzuek, Roy Lichtenstein eta Andy Warhol haien artean, gizarteko objektu arruntak (pop objektuak) erabili zituzten beren lanean, adibidez, zopa-latak, kaleko kartelak, iragarkiak eta komiki-bandak.

XXI. mendeko artistek margotzeko modu berriak bilatzen jarraitzen dute. Material berriekin esperimentatzen dute, eta, batzuetan, eztabaidak sortzen dituzte gai erlijiosoak eta historikoak modu harrigarrian irudikatzeagatik.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.